Futbolaren agertoki nagusian
TXAPELDUNEN LIGA (analisia) Realaren aurkariak aztertu dizkigu Naxari Altunak.
Izarrak astindu zituzten asteazkenean Anoetan Lyonen aurkako partida hasi aurretik. Izarren oihala astintzearekin batera, Txapeldunen Ligako ereserki zirraragarria erraietaraino sartu zen. Bai. Etxeko mutilek bultzatutako taldeak Bigarren mailan hasi zuen bidea, harri artean zaildu ziren, harrobiari distira eman arte. Gero beste batzuk gehitu ziren. Bikainak. Eta azkenean izarren unibertsoan sartzea lortu dute, dir-dir. Europako 32 talderik onenen artean da Reala. A ze balentria! Jokoz eta nortasunez Kontinente Zaharra aho bete hortz utzi du Jagoba Arrasatek zuzenduriko taldeak. Aurretik Philippe Montanier zen lemazaina. Normandiako entrenatzaileari ohore. Lorpen handi honetan ezinbestekoa. Hark eta bere taldeak aulkian hasitako lanak jarraipena du orain. Beste ñabardura batzuekin, baina funtsean berdina da bidea. Estiloaren garrantzia.
Eta halako batean ametsen agertokian azalduko da Reala. Old Trafforden. Hankak lurrean dituela. Talde txuri urdina ez da argazkiak ateratzera joango Manchesterrera. Lehiatzera baizik. Alex Fergusonen erresuma izan zena hankaz gora jartzera. Faboritoa da Manchester United, bai, baina ahulguneak ditu, eta distirarekin soilik ezin da irabazi. Hori erakutsi beharko dio Realak.
Alex Fergusonek kargua utzi du 27 urte deabru gorrien gidaria izan eta gero. Aurreneko urteetan kosta egin zitzaion taldea aurrera ateratzea. Urteak pasa ziren tituluak pilatzen hasi arte. Horretan ezberdina da Manchester United; miresgarria. Behin azkena geratu zen Txapeldunen Ligako multzoan, Vila-Real, Benfica eta Lilleren aurrean. Eta ez zen ezer gertatu. Old Trafforden denborak badu zentzua. Taldeari zentzua denborak ematen dio.
David Moyes Evertoneko entrenatzailea izan da azken hamarkadan. Lan ikaragarria egin du toffee-ekin. Fergusonen oniritzia jaso zuen bere lekukoa hartzeko. Eskoziarrak dira biak eta elkar ondo ulertzen dute. Moyesek esan berri du Ferguson ezinbesteko erreferentea izango dela aholkulari gisa; ezinezkoa dela haren obra gainditzea. Mito bati buruz ari da. Jokalariak eta entrenatzaileak mito bihurtzeko joera duen kluba baita United.
Ferguson joan da, baina hortxe jarraitzen du Ryan Giggsek. Galestarrak 40 urte ditu. Inteligentziaren paradigma. Klasea eta jakituria. Entrenatzailearen laguntzailea ere bada, esparru taktikoan. Manchester Unitedek jokalariak zaindu egiten ditu. Erreferente hilezkorrak dira.
Horietako bat kolokan dago: Wayne Rooney. Zaleen kuttuna da. Klubaren ikurra azken denboraldietan. Baina azken boladan ernegatuta dabil. Alde egiteko asmoa ere erakutsi du, baina David Moyesek nola edo hala eutsi nahi dio. Eta badirudi lortu egingo duela, Chelseak Samuel Eto’o fitxatu baitu. Arsenalek ez badu dirutza jartzen mahai gainean, Rooney deabrua izaten jarraituko du Old Trafforden, eta hori da albisterik onena Unitedentzat.
Robin Van Persieren fitxaketak distira kendu dio Rooneyri. Aulkian ere izan da zenbait partidetan. Aurrean lekua galdu du eta metro batzuk atzera jo behar izan du hamaikakoan lekua aurkitzeko. Fergusonek zelai erdian kokatu zuen tarteka, antolatzaile lanetan. Lan horretan ere ondo molda daiteke Rooney, baina aurrelari arima du; arima eta sena.
Izan ere, zelai erdian du arazorik gehien Unitedek. Sormenerako irudimen gutxi duten erdilariak daude, nahiz eta oreka ziurtatua duten Michael Carrickekin. Horregatik hegaletatik jotzen du talde ingelesak, Luis Antonio Valencia edo Nani bezalako jokalarien abiadurari helduta. Sinji Kagawa japoniarra taldean sartu eta irten ibiltzen da, erasoari gatza eta piperra emanez.
Baina Van Persie bezalako aurrelari batekin ahulguneak estali egiten dira. Zaila da holandarra baino golegile zorrotzagorik aurkitzea. Dotorea eta eragingarria. RVP ezberdina da. Bakarra. Danny Welbeck izan ohi du alboan.
Europa ekialdeko talderik onentsuenetakoa ere izango dute aurkari Arrasateren mutilek. Shakhtar Donetsk ospetsua bilakatu da azken urteetan, bere jabearen aberastasunari esker. Dynamo Kiev klasikoa bazterrean utzi du. Donbass Arena ikaragarrian arituko da Reala. Donetskeko meatzarien etxe berria da; jauregi paregabea. Shakhtar, meatzarien omenez eraikitako kluba baita: izerdiz eta adorez hasieran; izarrez, orain.
Mircea Lucescu errumaniarrak urteak daramatza Shakhtar zuzentzen. Egitasmo egonkorra da, horrenbestez. Taldeko ikur nagusia eskuin hegalean ageri da: Darijo Srna. Kroaziarra jokalari bikaina da, liderra. Hortik aurrera ezagun egiten da taldea, aspaldiko brasildarren ekarpenari esker. Jokalari biziak, zorrotzak. Oso garestiak.
Nolanahi ere, taldeko bi erreferente garrantzitsu galdu berri ditu. Henrikh Mhkytarian erasoko erdilari armeniarra, golegile trebea, Borussia Dortmundera joan da; Fernandinho, joko antolatzailea, berriz, Manchester Cityk fitxatu du. Zaleen begiak erasoko brasildarrengan pausatzen dira. Artistak guztiak ere: Luiz Adriano, Douglas Costa, Teixeira, Taison, Ilsinho, Eduardo Da Silva… talde bitxia.
Alemaniako talde on bat ere egokitu zaio Realari: Bayer Leverkusen. Giro aldetik, Bay Arena ez da Munich, Dortmund edo Gelsenkirchen. Futbol zelai txikia da, ez hain zalapartatsua. Eta estilo aldetik, Leverkusenek aspaldi egin zuen baloia behetik jokatzearen aldeko hautua. Brasildarrak fitxatzen aitzindarietako bat izan zen: Tita aurrelaria gogoan dugu, 1988ko UEFAko finalean Espanyol buruz behera bota zuen jokalaria. Gero, Paulo Roberto Rink eta Emerson iritsi ziren; gero Lucio, Juan; eta Bästurk turkiarra bezalako jokalari teknikoek lekua izan dute beti. Arturo Vidal txiletarra ere handik pasa zen, Juventusen hain erabakigarria den futbolaria. Joko kultura erakargarria mamitzen joan da aspaldiko urteetan Leverkusen, eta Rudi Völler kirol zuzendariak bide horri eutsi dio. Orain Sami Hyypiä finladiarra da entrenatzailea, jokalari izateari utzi eta gero.
Taldeak lau erreferente nagusi ditu. Aspaldiko jokalariak: Gonzalo Castro hegalean (aita espainiarra du baina bera Alemanian jaioa da), Lars Bender (Dortmungo jokalariaren anaia) euskarria, Simon Rolfes erdilari garaia eta Stefan Kiessling golegile zoragarria. Urtetik urtera osoagoa da ile-horia. Koordinazio bikaina duen mutila, handia izanagatik. Andre Schürrle ezker hegaleko mutila galdu dute (Chelseara joan da). Baina haren ordez, Son, Hego Koreako jokalari zorrotza, eraman dute Hamburgotik. Haren tankerakoak dira Kiesslingen bizkarrean ari diren aurrelariak. Horien artean, Sidney Sam nabarmendu behar, lesioek bakean utzi ez duten mutila. Bitxikeria gisa, Andres Palop atezaina fitxatu dute Sevillatik, Lenoren ordezko gisa.
Realak hiru horiekin lehiatzeko baliabide egonkorrak ditu. Baita aurrera egiteko ere. Manchester United faborito izan daiteke, baina tentu handiz ibili beharko dute ingelesek.