Futbola nahastu egin da!

Egilea:

Data: 2013/04/13

MALAGA  1
OSASUNA 0

Azkeneko minutuan galdu du puntua Osasunak.

 

  • Futbolak eman eta kendu egiten omen du. Gazitu eta gozatu ibiltzen ei da. Krudela izan ondoren, maitagarria izaten dakiela esaten da. Asteon, Malaga zigortu zuen Dortmunden, eta gaur saritu egin du. Eta tartean Osasuna. Ez zeukan zertan sartu Nafarroako  eman-kendu horretan, baina sartu egin du: azkeneko minutuan garaitu du Malagak Osasuna. Nahastu egin da futbola! Osasunak ez baitauka zertan ordaindu Malagari Alemanian gertatua.
  • Zelai-erdiaren izkina batean hasi da dena. Hantxe egin du falta Puñalek, eta handik atera gero Malagak. Luze, area barrura. Puñal berak lotu du Baptista une batez, baina bigarren jokaldian bakarrik utzi du, eta jakina, brasildarrak sarera bota du baloia. 92. minutua zen. Agur puntua.
  • Partida osotasunean aztertuta, ezin esan Malagak hiru puntuak merezi ez zituenik. Bereak izan dira aukera onenak, eta beste behin, Andres Fernandezen lana bilakatu da Osasunaren salbatzaile. Makina bat geldiketa eta urruntze egin ditu atezainak gaur ere. Lehen minutuetako biak ikusgarriak izan dira: Baptistaren jaurtiketa dotore urrundu du, eta Saviolarena ere (nahi gabekoa izan da, jaurtiketa ere ez baita izan) bikain urrundu du.
  • Arazo handi bat zeukan Osasunak hasiera horretan: zelai-erdian ez zen ari ondo estutzen, eta nahi bezala aritu dira Malagakoak erasoa azkar antolatzen. Nafarren defentsa aurreratua gainditzeko ez dago bide errazagorik: taldekideek, zelai-erdikoek eta goragokoek lana behar bezala ez egitea, presioa biguna izatea. Bada, halaxe ibili da Osasuna, eta garesti ordaindu du ia.
  • Geroko minutu batzuetan, Osasunak baloia txukun antzean erabili du, pazientziaz eta galdu gabe. Berak zuen baloia, ez Malagak, eta lehengo arriskuak uxatzeko balio izan dio horrek. Baloiaren erabilerari, baina, zerbait falta izan zaio: sakontasuna batetik, eta bestetik, baloia hegal batetik bestera eramatea, hor zuelako zuloa Malagak.
  • Hortik aurrera, Malaga baloia luze jotzen hasi da, Osasunaren defentsa aurreratua azkarregi gainditzeko asmoz. Luze jotzea seinale ona zen Osasunarentzat, eta eroso segitu du. Malagaren arriskua baloia ukitzen hasi denean egin baita handi.
  • Lehen zati horretan, Osasunak ere izan du bere aukera, baina Andresen pare aritu da beste atezaina, Willy Caballero. Akordatuko da Cejudo nolako urruntzea egin dion…
  • Azken minutuetan, Malagak beste bide bat aurkitu du Osasuna gainditzeko: jokoa norabidez aldatzea, erditik eskuinaldera. Joaquin edo Gamez hegaleko marrari itsatsita jarri dira, eta luze jotako baloia zehatz heldu zaie zenbait jokalditan. Gero, ordea, arriskua ez da beste ezertan gauzatu. Tarte horretan sortu duen aukera onena Armenterosen opariari esker izan da: oparitu egin dio baloia Iturrari, eta honen pasea ia baliatu du Saviolak (zutoinera bota du).
  • Bigarren zatian, Osasunak hobeto egin du defentsako lana goiko jokalarien aldetik. Baloia galdu orduko presioari ekin diote, eta Malagak zailtasunak izan ditu aurrera egiteko. Baita Osasunak ere erasoan aritzeko. Une batean jarri zaio partida aldeko, kontraerasoren bat baliatzeko moduan, baina ez dute asmatu jokaldia osatzen ere.
  • Puñal eta Onwu sartu ditu Mendilibarrek, Masud ere bai geroago… eta bazioan partida berdinketa usainarekin. Baina azken minutuan kolpe latza jaso du Osasunak. Futbolak Osasunari kendu dio Borussiak Malagari kendu ziona aste barruan. Eta zergatik Osasunari kendu? Emango al dio bueltan denboraldia amaieran!