Futbola gerraren erdigunean
AFRIKAKO KOPA
Normaltasun osoz hartzen da Mali Afrikako Kopan lehiatzen ikustea, herrialdea liskarretan murgildurik dagoen bitartean. Non ez dago arazorik Afrikan? Lehorteak gogor astindu du azken urteetan Sahel eskualdea, gosetea areagotu eta haurren heriotza ugalduz. Baina oraingo honetan bai! Interes propioak tarteko, aginte makila hartu du Frantziak, gerrate neokolonialaren erdian.
Mali frantziarren asmakizuna izan zen, kolonialismotik eratorritako beste estatu artifizial bat. 1960. urtean balizko independentzia lortu zuen Afrikako herrialdeak. Baina Frantziaren eragina erabatekoa izan da: menpekotasun harremanean oinarritua. Frantziako Sudan izandakoak ofizialki hexagonoko kolonia izateari utzi zion arren, beti izan du konkistatzaileen ezpata lepo inguruan. Interes propioek zehaztu zituzten Afrikako muga geografikoak; urrearen distirak marraztu zituen etorkizuneko koordenadak. Bertakoen izana bost: berdin mandinga izan, bambara, malinkea edo tuarega. Hamabost etnia ezberdin daude Malin, %90 musulmana den herrialdean.

Jose Carlos Garcia Fajardo irakasle galiziarraren Encenderé un fuego para ti liburuak Mali du abiapuntu, Tombucturako bidai gogoangarriarekin. XIV. mendean Afrika musulmanaren gune kulturalik aberatsena bihurtu ziren Tombuctu eta Djenne hiriak, Mali ipar aldean, frantziarrak hara iritsi baino bost mende lehenago.
Afrikako liskarrek kontinentearen konplexutasunean, harreman gorabeheatsuetan eta barruko zein kanpoko interesesen borrokan dute jatorria. Komunitate ezberdinen interesak eta eskubideak alde batetik doaz; bertan interes ekonomiko eta estrategikoa dutenen nahiak beste aldetik. Pertsonen arazoek, euren kulturak eta ohiturek jasan ditzaketen kalteak, eskubideen urraketak, horiek ez dute aparteko oihartzunik munduaren alde honetan. Duela hogei urte Jugoslaviarekin gertatu ez bezala. Gerra eta futbola ere tarteko. Suediako Eurokopa jokatzeko sailkatu ziren plaviak, baina ONU erakundeak 1992ko maiatzean, txapelketa hasi baino egun batzuk lehenago, Jugoslavia kanpoan utzi zuen. Bere ordezko selekzioak, Danimarkak, irabazi zuen Europako Txapelketa. Jeannotek zortzi urte lehenago Frantziarekin egin bezala.

Jean Tigana, Portugalen aurkako finalerdian, 1984ko Eurokopan. Jokaldi honetan sartu zuen Frantziak garaipenaren gola.
Jeannotek bi birika ez, hiru zituela uste izan da beti. Galdetu bestela Michel Platiniri. Kapitainak bultzatu zuen baloi hura sareetara, Jeannoten arnasari esker. Taldearen hauspoa zen zelai erdiko jokalaria. Ez zen frantziarra jaiotzez: bere nortasun agirian Bamako jartzen zuen. Maliko hiriburua da Bamako. Hiru urterekin iritsi zen Frantziara, eta, hainbat etorkinekin gertatu bezala, talentuak argitu zuen etorkizuna, urdinez jantzita.
Asko hitz egin da Frantzian Platiniren inguruan (9 gol erdietsi zituen 1984ko Eurokopan -Frantziaren lehen titulua-), Zidaneri buruz ere hainbat laudorio entzun ditugu (1998ko Mundialean eta 2000ko Eurokopan urdinen gidaria), baina lorpen horiek guztiak ulertzeko ezinbestekoa da Jean Tigana kontuan hartzea. 1984ko gau hartan hasi zen Frantziako futbolaren norabidea aldatzen. Marseillan, Portugalen aurka.
Fernando Chalanak erronka jo zion Platiniri Eurokopako finalerdietan. Bibotedun miresgarria gainetik zebilen. Jordao golegilearekin bereak eta bi egin zituen Benficako erdilariak. Harmailetan klaxon-hots ozenak, kirioak dantzan, izua… luzapenean Jeannotek baloia hartu zuen arte. Arean sartu zen, eta, aiztoak gurina mozten duen moduan, Portugalgo atzealdea xehetu zuen. Bere taldekideak itota zeuden. Zirt edo zart egin behar zen unean Platini ilunpean zebilen, eta Tiganak hautsi zuen partida. Hondoko marra zapaldu, baloia atzera eta Platinik gola. 3-2. Frantzia Eurokopako finalera. Eta egun batzuk geroago, txapeldun, lehen aldiz! Oilarrak hiru birika zituen.

Tiganak arrasto sakona utzi zuen. Malira behin itzuli zen, gurasoen jaioterria hobeto ezagutzera. Arbasoen jatorria bertatik bertara ikusi zuen, bere txikitako Marseillatik oso urrun. Beste errealitate bat. Bere belaunaldiko herrikideen seme frantziarrek ere elastiko urdina jantzi zuten gazte mailan, baina selekzio nagusiarekin jokatzeko orduan gurasoen jaioterriari heldu zioten. Frederic Kanouteren kasua da aipagarriena. Frantzian jaioa, baina Maliko erroei atxikita. Kanoute hunkituta geratu zen aitaren jaioterrira joan zen lehen aldian. Geroztik hainbat proiektutan murgilduta dabil, gazteen heziketaz eta haien osasunaz kezkatuta. Selekzioko kapitaina izan zen hainbat urtetan Sevillan eztanda egin zuen aurrelari handia. Orain, Seydou Keitari pasa dio besokoa, Pep Guardiolak eredu gisa jarri izan duen jokalariari. Keita Bamakon jaio zen, Tigana bezala, eta 1999ko 20 urtez azpiko Mundialean txapelketako jokalari onena izendatu zuten, besteak beste Xavi Hernandezen aurretik.
Seydou Keita buru dela, aurrera doa Mali Afrikako Kopan, bere herrialdeko gerra bezala. Eurek golak sartzen dituzte irribarre baten truke; armek beste interes batzuk dituzte.
