Futbol landuaren aitzindariak

Egilea:

Data: 2014/04/29

INGALATERRAKO FUTBOLAREN HISTORIA

Futbolaren hastapenetan, Queen´s Park talde eskoziarrak Ingalaterrakoekin jokatzen zuen, eta mugarria izan zen jokoaren bilakaeran: paseen jokoa asmatu zuen, combination game delakoa. Dabi Piedrak kontatu digu nola izan zen.

Britainiar uharteetan esan ohi denez, ingelesek futbola asmatu zuten eta, ondoren, eskoziarrek irakatsi zieten nola jokatu. Esaera horren oinarrian, Glasgowko Queen´s Park Football Club dago, Eskoziako futbol klubik zaharrena eta XIX. mendeko arrakastatsuena. Talde erabat amateurra izaki, aspaldi utzi zion txapelketak irabaztearen eztia dastatzeari, baina ezin da ahaztu Queen´s Parkek goitik behera aldatu zuela futbolean jokatzeko modua 1870eko hamarkadan.

Futbol modernoaren hastapeneko urteetan, Ingalaterrako taldeak elkarren aurka jokatzen hasi zirenean, estrategia oso oinarrizkoa zen. Baloiari ostikoa aurrera jo eta taldeko abilenari helaraztea zen gakoa, parean agertzen zitzaizkion aurkari guztiei izkin egiten ahalegindu eta baloia atean sar zezan. Eta kitto. Ez aurrez prestatutako jokaldirik, ez estrategiarik, ez paserik, ez ezer. Halako batean, ordea, Glasgowko kirolzale batzuek Queen´s Park FC sortu zuten. 1867a zen, Eskoziako lehenengo futbol kluba zen, eta futbolean jokatzeko era goitik behera aldatzea egokitu zitzaion.

Queen´s Parkeko arduradunek gauza berriak frogatzea gogoko zuten. 1870 inguruan, jokalarien arteko paseetan oinarritutako estrategia lantzen hasi ziren. Futbolean paseak ematea, gaur egun oinarrizkoa bada ere, ideia berria zen orduan. Eskoziarrek ideia hura hartu eta garatu zuten. Ingelesak indartsuagoak eta azkarragoak ziren, baina Queen´s Parkekoek aise gainditzen zuten ingelesen oldarkortasuna, elkarri paseak emanaz azkar zeharkatzen baitzuten zelaia. Joko landuagoa, zehatzagoa eta eraginkorragoa zen. Konbinazio jokoa deitu zioten asmakizunari (combination game ingelesez).

1872an Ingalaterrako Kopa antolatu zuten, munduko lehenengo futbol txapelketa ofiziala. Eskoziarra izanagatik, Queen´s Park partaideetako bat izan zen. Joko berritzaile hura harrigarri egin zitzaien ingelesei. Finalerdietan, Wanderers talde indartsuaren aurka hutsean berdinduta, garbi geratu zen Queen´s Park edozein gainditzeko gai zela, baina berdinketa apurtzeko partida ere Londresen jokatzeko agindu zuen federazioak. Egonaldia luzatzeko dirurik ez eta etxera itzuli behar izan zuten eskoziarrek. Wanderersek kopa txapelketa hura eta hurrengoa irabazi zituen. Ingelesak, ordea, berehala jabetu ziren eskoziarren joko era ikasi ezean, jai zeukatela. 1870eko eta 1880ko hamarkadetan, Eskozia izan zen futbolaren abangoardia. Ingalaterra iparraldeko klubek eskoziarrak fitxatu nahi zituztelako sortu zen profesionaltasuna.

Eskoziarrak ingelesak baino aurreratuago zeudela erakusteko, pasadizo bat nahikoa da: 1872an, historiako lehenengo nazioarteko partida ofiziala jokatu zen Glasgown, Eskoziako eta Ingalaterrako selekzioen artean (0-0). Eskoziaren estrategia, 2-2-6 izan zen, alegia, bi atzelari, bi erdilari eta sei aurrelari. Ingalaterrarena, 1-1-8. Bide batez esango dugu, Eskoziako taldeko jokalari guztiak Queen´s Parkekoak zirela.

Eskozia futbolaren abangoardia zen eta Queen´s Park, futbol eredu haren erdigunea. 1884an eta 85ean, Ingalaterrako kopako finala jokatu zuten eskoziarrek eta Eskoziako kopa, 1873an sortua, makina bat aldiz irabazi zuten. Celtic eta Rangersen geroagoko nagusitasuna lekutan zegoen artean. Futbol profesionala Eskoziara heldu zenean, ordea, Queen´s Parken patua betiko aldatu zen. Antzinako baloreetan sutsuki sinesten zuten klubeko agintari eta jarraitzaileek, eta puntako gainerako klubak profesionaltasunaren tentazioan jausten joan ziren bitartean, Queen´s Parkekoek temati eutsi zioten amateur izateko erabakiari.

Denborarekin, tituluak irabazteari utzi zion, ondoren gorengo mailatik beheragokoetara jaitsi zen. Gaur egun, laugarren mailan jokatzen du, talde apal baina profesionalen aurka. Hamar aldiz irabazi du Eskoziako kopa, baina azkena 1893an izan zen. Hori bai, duintasunari eutsi izanagatik harro daude jarraitzaileak. Queen´s Parkeko zaleak badaki bere jokalariak ez daudela klubean diruagatik. Amateur mantentzea muga da, eta aldi berean, berezitasuna eta harro sentitzeko arrazoia. Klubaren leloak honelaxe dio, ludere causa ludendi, hau da, jolastea, jolastearen arrazoi hutsagatik.