Finala, gaur: Espainia-Italia

Egilea:

Data: 2012/07/01

EUROKOPA 2012 Kieven jokatuko dute (20:45, Tele 5).

              Kito. Gaur bukatuko da Poloniako eta Ukrainako Eurokopa. Txapeldunak kopa jasoko du, eta adio, hemendik lau urtera arte. Espainiak edo Italiak jasoko du loria guztia.
  • Txapelduna txapeldun, eta bigarrena ere txapeldun. Biek egin dute txapelketa ona, eta finalean badaude, zerbaitegatik da. Galtzailea pozik egotea ez da erraza izaten, baina txapelketari begiratua ematen dionean egunen joanean, txapeldunaren pare dagoela konturatuko da.
  • Finala. Faboritoaren kontua. Betikoa. Ba ez dago ba! Oso berdindua aurreikusten da finala. Espainiak beharko zuen izan, baina txapelketa ona egin arren, egin ditu hobeak eta distiratsuagoak. Espainiak argitsu eta zapaltzailea azaldu ez izanak berdindu egin du finala. Baina ez horrek bakarrik.
  • Beste arrazoia Italiaren lana da. Eredu berriarekin, baloiaren jabetzan oinarrituz, indarra hartu du, eta gainera, kameleoia da, edozertara jokatzen du ondo. Hori dena erakutsi du finalera arteko bidean, eta berdindu egin du azken partida hau.
  • Italiarentzat ezinbestekoa, gaur: Espainia eroso ez egotea baloia oinetan duela. Lortu zuen lehen faseko lehen partidan (1-1), presioa goian eginez. Gaur ere hala egingo du. Horren aurrean, Espainiak zer baliabide landu duen ikusi beharko da. Arazoei konponbideak jarri behar zaizkie, eta erronka potoloa daukate espainiarrek.
  • Presioa goian eginagatik Italiak, Espainia iritsiko da italiarren area ingurura batzuetan. Talde osoa baloiaren atzean jarrita duela ere, defentsako lan ona egin beharko du Italiak. Ez zaie arrotsa egingo lan hori.
  • Italiak ere baloia behar du erasoan. Espainiak lehen faseko partida hartan baino zailtasun gehiago jarri beharko dizkio. Zenbat eta gorago lapurtu baloia, hobe egungo txapeldunentzat. Italia, bestela, oso gora iritsiko da, eta baloia galtzen duenean, errazago estutuko du Espainia presioaren bidez.
  • Izen nagusiak: Casillas eta Buffon atezainak; Pirlo eta Iniesta erdilariak; Ramos, Pique, eta Barzagli, Bonucci erdiko atzelariak; Balotelli eta Cassano aurrelariak.
  • Izen nagusien atzean, baina funtsezkoak bi taldeetan: De Rossi eta Busquets-Xabi Alonso bikoa.
  • Italia aberatsagoa da Espainiaren aldean taktikoki.
  • Zelaia zabaltzea oso lagungarri izango zaie biei erasoan.
  • Datu historikoak: Espainiak bi bider irabazi du Eurokopa (1964-2008), Italiak behin (1968). Espaniak irabazten badu, marka jarriko du: Eurokopa-Munduko Kopa-Eurokopa segidan irabazi.