Festa ‘behartua’

Egilea:

Data: 2012/12/29

EUSKAL SELEKZIOA-BOLIVIA (gaur, 20:00, Anoeta)

Urtero bezala, lagunartekoa jokatuko du Euskal Selekzioak, ofizialtasuna lortzeko aukerak urrun dauden bitartean.

Euskal Selekzioa (deialdia). Iraizoz, Zubikarai; Iraola, C. Martinez, Iñigo Martinez, M. Gonzalez, Labaka, Balenziaga, Oier, Castillo; X.Prieto, Susaeta, Ibai Gomez, Mikel Rico, Beñat, Alonso; Agirretxe, Aduriz, Sola eta Toquero

Bolivia (deialdia). Galarza, Arias; Valverde, Zenteno, Jimenez, Mendez; Bejarano, Veigaza, Azogue, Melean, Vaca, Barba; Saucedo, Alcides, Mojica, Segovia, Arze, Pontons.

Horra, gaur, 20:00etatik aurrera, Anoetan izango diren jokalariak. Euskal herritarrak eta boliviarrak.

Urteroko hitzordua du hau selekzioak. Lagunartekoz lagunarteko ibili behar horretan, beste geldialdi bat egingo du. Horrelako partidak ez baitira aurrera begirako pausoak. Ofizialtasuna urrun ikusten da, eta hori, ikusten bada. Egun hori etorriko denik pentsatzeak ere lanak ematen baititu.

Euskal Federazioak ez du ematen ezer askorik egiten duenik ametsa gauzatzeko. Barrura begira ez badu egiten… kanpora begira, behintzat, ez da zabaldu helburua gauzatzeko lanetan dabilenik. Lagunen arteko partida bat, beste bat… hori du uzta. Urtean behin, eta oso gutxitan, bitan. Datorren urtean kanpoan aritzeko aukera omen dago, Federazioko presidentearen hitzetan. Gauzatuko balitz, bigarren partida lirateke denboraldi osoa kontuan hartuta.

Eta horrekin zerbait lortzen al da ametsa gauzatzeko bidean? Jokatu daitezke ehun lagunarteko ere, egunean bat ere bai, eta itxura dauka, hala izanda ere, ofizialtasunak urrun segituko lukeela, nonbait baldin bada, behintzat.

Zurrunak dira ametsa egia bihurtu behar dutenen hormak. Lagun gutxi dauzka egun selekzioaren ofizialtasunak gure mugetatik kanpo. Futboleko erakunde gorenak ez dira erraz biguntzen, Espainiak ere direnak eta ez direnak egiten ditu oztopoak jartzeko… baina egin al da ahalegin seriorik? Nori dagokio?

Gizarteak nahi omen du. Jokalariek ere aldeko iritzia dute, eta erakutsi ere bai. Bestek eman behar, ordea, baimena. Baina baimena lortzeko egin behar den guztia egiten al da?

Festa izena hartzen ari da Gabon garaiko partida hau. Baina festa zerena? Zer daukagu ba ospatzeko? Lagunartekoa bakarrik jokatzera behartua izatea festa al da? Selekzioa urtean behin bakarrik ikustearen pozagatik ez bada, festak ez du lekurik.

Festak aldakarrikapen ozena behar luke ondoan. Gizarte osoarena, selekzioaren ofizialtasunaren alde dauden alderdi politiko guztiena, Eusko Jaurlaritzarena… baina ez, adierazpen epelak eta nahikoa. Ez goaz, eta goazela esatea gezurra da. Geratuta gaude. Lagunartekoetan geratuta. Gure etsaiek nahi duten lekuan gaude.

Ilusioa egiten duela selekzioa jokatzen ikusteak? Bai, jakina. Baina oso gutxi da. Ezin du lagunartekoak helburua izan behar. Festa ‘behartua’ izango da gaurkoa ere.

Irabazi edo berdindu egingo dute zelaian gaur ere, baina galtzailea beti bat eta bera da: ofizialtasunaren aldeko ametsa. Horrek ez du inoiz irabazten.