Festa
ESPAINIAKO KOPA
Alavesek Bartzelona handiaren aurka jokatuko du gaur (22:00), final-hamaseirenetan, joanekoan.
Futbolaren alde lehiakorrak uzten ditu noizean behin festarako tarteak. Gaur, esaterako. Alaves pozarren dabil Espainiako Kopako zozketa egin zenetik, Bartzelona handia egokitu zitzaiolako final-hamaseirenetan. Gaur datoz Gasteiz aldera, beren jokatzeko eredu erakargarri bezain ikusgarriarekin (22:00).
Joaneko partida da, eta gero etorriko da itzulikoa. Bi neurketatan ia ezinezkoa da Alavesek balentria lortzea, baina ez lortzeari ez diote garrantzirik ematen klubaren baitan. Festa da gaurkoa, zozketak hala nahi izan zuelako, eta taldeak gainditu egin zituelako hona iristeko kanporaketak. Gozatzeko gaua izango da, aspaldiko partez ariko baita talde handi bat Mendizorrotzan. Urrutiegi ikusten dira klubaren garai loriatsuak.
Zaleek gozatu egingo dute, nahiz eta Messi eta Xavi etorri ez. Jokalariek ere gozamena izango dute, izar handien aurka lehiatzeko aukera dutelako. Eta klubak ere gozatu egingo du, futbolaren erakusleihoan jarriko duelako kanporaketak, eta diru sarrera gozoa jasoko duelako. Festa denentzat.
Festari lehia gehituko zaio gaur, lehia bigarren leku batean jarrita badago ere. Alaves saiatuko da gaur behintzat, emaitza duina lortzen. Neurri handi batean, Bartzelonaren mende dago hori, beraiek nahi badute gaur bertan erabaki dezaketelako kanporaketa. Hala gertatzen bada ere, festa handiaren baitan sartuko da balizko egoera hori ere.

Jordy Cruyff eta Rivaldo, Alaves-Bartzelona batean.