Fenix, Bayern osoaren aurka
Marseillaren atean ez da Steve Mandanda egongo gaur, zigortuta baitago. Elinton Andrade brasildarrak jokatuko du titularraren ordez. Urtebete eta bi hilabete darama jokatu gabe.
Txapeldunen Ligako final-laurdenak. Joaneko partida. 20:45 inguru. Aterako dira Marseillako eta Bayern Municheko jokalariak, eta epaileengana joango bi kapitainak.
Marseillan ez da betikoa joango. Steve Mandanda atezaina zigortuta dago, aurreko partidan txartel gorria atera ziotelako.
Telebistan, emango dituzte bi taldeen 11koak. Eta Marseillarena zaintzen Elinton Andrade egongo dela ikusiko dugu. Askotan gertatzen zaiguna gertatuko zaigu: talde batean, atezain batek jokatzen baditu partida guztiak, ordezkoa nor den ez dugu jakiten. Nor da Andrade?
Brasilen jaio zen. Etzi beteko ditu 32 urte. Makina bat taldetan ibilia da. Brasilen bertan CFZn, Flamengon, Fluminesen eta Vasco da Gaman. 1992tik 2005era. Handik bi urtera Europara etorri zen. Errumaniara. Rapid Bukaresten aritu zen 2009ra arte, eta ordutik dabil Marseillan.
Baina ez du asko jokatzen. Iazko urtarrilean aritu zen azkenekoz Frantziako lehiaketaren batean, eta Europan, hiru urte eta erdi da azkenekoz jokatu zuela.
2005etik 2007ra ez zuen jokatu, baina ez zen izan ez zuelako nahi. Vietnamen aritzeko aukera izan zuen, eta onartu ere onartu zuen eskaintza. Baina presidenteak ez zion utzi Fernanda emaztearekin joaten. Jokalarientzat nahikoa emakume zituztelako. Uko egin zion eskaintzari.
Gero, Portugalgo herritartasuna lortzeko lehian ibili zen. Bertan bizi izan zen, emaztearen senide batzuen etxean, eta baserritar lanak egiten aritu behar izan zuen. Italian, Ascolin, jokatzeko aukera ere aztertu zuen, baina herritartasuna ez zuenez, ez zen gauzatu. Hala ere, denboraldi-aurrea egin zuen han, eta pozik aritu zen, Gianluca Pagliuca atezain handia zuelako taldekide.
Brasilera itzuli zen, Portugalen berriz egon eta gero. Azkenean, 2007an, Errumaniara joateko eskaintza jaso zuen, eta joan egin zen. Hantxe hasi zuen gero Frantziara eraman zuen bidea.
Ibilbide gorabeheratsua izan du, oztopoak gainditzen ibili izan da beti. Baina inoiz ez du amore ematen. Bizkarrean, tatuajea dauka egina, eta hitz hauek ditu jarrita: “Fenix bezalakoa naiz. Denek uste dutenean hondoratuta edo zaurituta nagoela, errautsetatik ateratzen naiz, borrokan segitzeko indar handiagoz. Gerlaria naiz, eta ez dut amore ematen. Irabaztea nahi dut”.
Gaur, irabazteko, gelditu eta urrundu egin beharko ditu Bayern Munichekoek botako dizkioten jaurtiketak. Fenix gainditu beharko dute alemaniarrek emaitza ona ateratzeko.