Eztabaida batetik sortutako harribitxia
INGALATERRAKO FUTBOLAREN HISTORIA
Everton futbol taldearen zelaia, Goodison Park, 1892an eraiki zuten, Liverpooleko Walton auzoan. Evertonek, ordura arte erabili zuen zelaiaren jabearekin tirabirak izan zituen eta horrek bultzatu zuen etxe berria bilatzera. 122 urte geroago, Ingalaterrako futbol zelaien itxura klasikoa ondoen gorde duenetako bat dugu Goodison Park, historia oparoko harribitxia.
1884tik, Anfield izeneko zelaian jokatzen zuen Evertonek. Talde hasiberria izatetik, profesional bihurtu arteko prozesua zelai hartan egin zuen Liverpooleko klubak. Anfield, Evertonen arrakasta askoren lekuko izan zen. Lursailaren jabeak, ordea, zelaia erabiltzearen truke gehiago kobratzeko asmoa azaldu zuen 1890eko hamarkadaren hasieran. John Houlding-ek zioen, Anfielden futbolerako eremua atondu zuenean, Everton klub apala zela eta, beraz, apustu arriskutsua egin zuela. Gainera, Everton dirutza egiten hasi zela argudiatu zuen, Anfieldera gero eta jende gehiago joaten baitzen. John Houlding bera zen Evertoneko presidentea, baina, hala ere, klubak gehiegi iritzi zion alokairuaren prezio berriari. Eztabaida biziak izan ziren eta, azkenean, Evertonen eta Houldingen bideak bereizi egin ziren. Ezinikusi garratz haren eraginez, Goodison Park zelai berria eraikitzea erabaki zuen Evertonek, Anfieldeko alokairua ordaintzea baino merkeago irtengo zitzaiolakoan, epe luzera.
1892ko abuztuaren 24an inauguratu zuten Goodison Park berria, garai hartako futbol zelairik onena omen zena. Sasoi hartan ez zen hain ohikoa futbolerako propio zelai oso bat eraikitzea, are gutxiago hain handi eta ikusgarririk. Hori bai, inaugurazio ekitaldian, futbolik ez zen egon, atletismo lehiaketa bat eta zenbait ikuskizun baizik. Irailaren 2an izan zen lehenengo partida (Evertonek 4, Boltonek 2). Hasierako urteetan, nazioarteko lehiak, kopako finalak eta abar jokatu ziren han, Ingalaterrako zelairik onenetakoa baitzen. 1920an, 50.000 ikusle batu ziren, Dick, Kerr´s Ladies eta Saint Helen´s Ladies emakumezkoen taldeen arteko partida ikusteko (4-0), aurreko batean webgune honetan bertan kontatu genizuenez.
Bien bitartean, John Houlding ez zen lo egon. Evertonek Anfieldetik ihes egin zionez, klub berria sortzea baino gauza hoberik ez zitzaion bururatu. Harrezkero, Anfielden jokatzen du Liverpool FC-k. Hala, 1892ko haserrealdi hark, Goodison Park eraikitzea ez ezik, Liverpool bezalako talde mitiko bat sortzea eragin zuen. Anfield zelai historiko bezain ikusgarria da, baina, oraingoan, Goodison Parkeko pasadizo eta bitxikeriak kontatuko ditugu.
Goodisonek daukan historiaren norainokoa neurtzeko datu bat emango dugu lehenik eta behin: Ingalaterrako Liga 1888an sortu zenetik, gaur egun arte, lau denboralditan baino ez du Evertonek Lehenengo Mailatik kanpo jokatu. Hartara, goren mailako partida gehien hartu dituen zelaia da Ingalaterran, alde handiz. Goodison Park, 1966ko Munduko Txapelketako partidak hartzeko hautatu zuten eta, Pele, Garrincha eta enparauen Brasilek, multzoen faseko zenbait neurketa jokatu zituen han. FIFAren arauen arabera, ate atzeko zaleak joko zelaitik hurbilegi zeuden eta, beraz, koskatxo bat jan zioten harmaila bakoitzari. 1966tik ia 80ko hamarkadara arte, atearen atzeko harmailek arku itxurako forma zirkular berezi hori gorde zuten. Beheko argazkian, Pele ageri da, falta bat jaurtitzeko prest, Portugalen aurkako partidan. Ate atzean, harmailaren arku itxurako forma bitxia nabari da.
Kirol ikuskizunetako segurtasuna areagotzeko Taylor txostenak, zutik egoteko harmailak kentzera behartu zituen klub profesionalak, 1990eko hamarkadan. Premier Leaguen, zutikako harmaila kentzen azkena izan zen Goodison Park. Gainera, esan beharra dago, zelaiak betiko xarma gordetzen jarraitu duela. Britainiar Uharteetako antzinako zelaien diseinu tradizionala ondo nabaritzen da oraindik Goodison Parken. Oraintsu, Evertonek, zelai berria eraikitzeko proiektua aurkeztu du, Goodison handitzeko lekurik ez dagoela argudiatuta (kale estuz inguratuta dago eta, alderdi batean, eliza bat dauka, harmailatik metro gutxitara!). Dena dela, oraingoz, egitasmo hori geldirik dagoela dirudi, dirurik ez dagoelako.