Ezkonduak eta ezkongabeak
Realak eta Valentziak azken jardunaldiko partida jokatuko dute gaur Anoetan (20:00), ezer jokoan izan gabe. Mikel Aranbururen agurra izango da.
Valentziako atzelari Ricardo Costak esana da asteon: “Realaren eta gure arteko partida ezkonduen eta ezkongabeen partida bezalakoa izango da”. Gaur da lehiarik gabeko lehia hori: 20:00etan, Anoetan.
Ligako azkeneko jardunaldia da, eta dena eginda daukate bi taldeek. Denboraldiko helburuak beteta. Salbazioa eta Txapeldunen Liga. Aldarte patxadatsu horretan jokatuko dute elkarren aurka. Lasai. Gero, entrenatzen segiko dute bi taldeek, eta hurrengo astean, lan saioak arinak izango dira; partida ‘bereziak’ jokatuko dituzte: zaharrak gazteen aurka, edota ezkonduak ezkongabeen aurka.
Ez zebilen gaizki gaurkoa definitzerakoan Costa portugaldarra.
Eta ezkontza kontuak izanik, ezin falta despedida edo agurra. Mikel Aranbururi egingo diote despedidako festa. Mozorrotu ez dute mozorrotuko, baina festa izango da Anoetan. Partida hasi aurretik, eta partida ondorenean. Badoa kapitain handia futbolarien erreinutik.
Ez da agur bakarra izango Realean, baina bakarra balitz bezala omentzea merezi du. Gainerako agurren berri (izatezkotan) datorren astean edo asteetan izango da.
Despedidekin segituz, Ligari agur txukuna ematea ere polita litzateke Realarentzat. Despedida aurreko giro arraroa goxatzeko, eta ajea eramangarriagoa izateko.