Ezberdinak izatearen indarrarekin
Realak Zaragoza izango du aurkari, gaur, Anoetan (18:00), eta etxeko bolada onari eutsiz, jaitsieraren mamua begien bistatik kendu nahi dute txuri-urdinek.
Ez da aste atsegina izan Realarentzat. Ez taldekoentzat, ez inguru guztiarentzat. Joan zen asteburuan gertatuaz asko hitz egin dute batzuek eta besteek. Eta beste behin, agerian geratu da hau: Realak gehiegi begiratzen du bere baitatik kanpora, besteekin alderatu nahian. Berak dituen gauza eta ezaugarri onak indartu ordez, besteen jardunaz gehiago hitz egin da.
Zein diren gauza on horiek? Adibidez, astebururo, 11koan, 8-9 etxeko jokalari zelaian ikustea. Ezberdina da Reala, horrek egiten du ezberdin ia beste lehiakide guztien alboan jarriz gero, eta bereizgarri horri eman behar zaio garrantzia eta indarra.
Gaur ere, berezko ezaugarri hori Anoetan izango da. Merezi duen neurrian balioztatu behar da, eta gozatu. Horra etxeko taldea. Horra etxekoen taldea. Horra etxetik egindako taldea. Etxeko, etxekoen eta etxetik egindako talde horrek bolada ona hartu du Anoetan, eta azken partidetan garaile izan da. Gaur, Zaragozaren aurka, beste aukera bat dauka 3 puntuak batzeko.
Lortuz gero, jaitsieraren mamua urruti ikusiko luke. Zaragoza azken sailkatua behin betirako geratuko litzateke atzean, eta Sporting nahiz Racing ere traza berean geratzeko arriskuan leudeke, partida gaiztoak dituztelako (Sevillaren eta Bartzelonaren aurka, hurrenez hurren).
Ez al litzateke txalotzekoa etxeko jokalariekin gaur bertan jaitsiera behingoz atzean lagatzea? Beste leku eta talde batzuetara begiratuz indarrak galdu ordez, nork bereari balioa ematea oso garrantzitsua da.