Ezberdin, baina Italia

Egilea:

Data: 2012/06/10

EUROKOPA 2012

Italiak, oso itxura ona emanez,  eta Espainiak, uste baino eskasago, berdindu egin dute (1-1), C multzoko lehenengo partidan.

  • Hortzak erakutsi dizkio Italiak Espainiari, eta koska egin ere bai. Erabateko haginkada emateko zorian ere izan da, baina espainiarrek ere kosk egin diete italiarrei. Berdinketa (1-1).
  • Italia hau ez da betiko Italia (izatekotan, 2006an Munduko Kopa irabazi zuen Marcello Lippiren taldearekin du antza). Lehen ezberdintasuna: baloia atzetik jokatuz ateratzen du, joko ez zuzena du zutabea. Bigarrena: oso gora joaten da aurkariari presioa egitera. Eta hirugarrena: baloia aurkariaren zelaian galtzen duenean, presioa ere erabiltzen du. Metamorfosi galanta egin du Cesare Prandelli entrenatzaileak. Egundoko lana. Lan ona. Gaur erakutsi du koadroa. Ezberdintasunekin, eta hala ere, betiko Italia: lehiakorra, gogorra, sendoa, kontzentratua… Lehiaketa hasi aurretik, iragarpenetan ez zen inon ageri, baina gaurkoa ikusita, faboritoen multzora egin du jauzia.
  • Espainiak ez zituen behar hegalak. Dena barrutik. Italiak zelaia zabaldu egin du, hegaleko atzelari-aurrelariekin  (batez ere eskuinetik, Maggiorekin; 3-5-2 marrazkia erabili du erasoan; defentsan, 5-3-1-1). Erasoan aritzeko bi modu. Beste alderaketa: Espainiak aurrelari zehatzik ez du atera (Cesc izan da aurreratuena), eta Italiak bi zelairatu ditu (Cassano eta Ballotelli). Erreferentziarik ez goian, erreferentziak goian. Cassanok egundoko lana egin du zelai-erdia eta erasoa lotuz, behera jaitsiz, eta baloia ondo emanez.
  • Italiarren zelai-erdiko mugimenduak oso onak: Pirlo aingura bezala jarriz, konpasa oinetan, eta Marchisio zein Motta goruntz hausten, zelaia zabaltzeak sortutako zuloak baliatuz. Mugimendu orekatuak eta landuak.
  • Espainiak, lehen zatian batez ere, ez du mugimendu orekaturik egin. Erabateko anabasa izan da zelai-erdian, teknika bakarrik baliatuz, elkarri enbarazu eginez, eta nora mugitu behar zuten jakin gabe. Xabi Alonso eta Busquets galduta zeuden, esaterako, lekuz kanpo.
  • Andres Iniesta. Bera bakarrik izan da gai italiarren lerroak hausteko. Baliabide hori erabiliz sortu dizkio arazoak Espainiak Italiari. Zelai-erdiko hirukoaren eta erdiko hiru atzelarien artean zuloa egon da, eta Iniestak ederki baliatu du hori. Espainiaren gola ere zulo horretatik sortu du Silvak, Cesci pase ederra emateko (62. minutuan).
  • Berdinketarena zen. Hiru minutu lehenago Di Natalek aurreratu du Italia. Mugimendu bikaina eginez, eta bikain bukatuz.
  • Espainiak koordinazio handirik ez du azaldu erdiko bi atzelarien artean (Ramos eta Pique). Ematen du gauza asko dituela lantzeko selekzio horrek. Teknika bikainari mugimenduak gehitzea ezinbestekoa da, erasoan eta defentsan. Mugimenduak landu egiten dira (defentsan eta erasoan). Ez al du ematen Espainiak gutxi landutako taldea? Beste batek erantzungo du: halako jokalariek ez dago ezer landu beharrik. Italiak askoz itxura landuagoa eman du.
  • Partida bukaera. Ireki egin da neurketa, eta Torresek izan du aukera parea gola sartzeko. Baita Marchisiok ere.