Ez dira elkar fio
REALA (analisia)
Realaren eta Philippe Montanierren arteko hausturaren oinarrian elkarrenganako konfiantza falta baino ez dago.
- Bi partida baino ez zaizkio geratzen Realean Philippe Montanierri. Badoa Stade Rhoazonera. Bi denboralditarako tratua egin zuten Realak eta entrenatzaileak duela bi urteko udan, eta orain, akordioa berritzeko negoziazioetan, ez dira ados jarri.
- Desadostasun horren oinarrian hau dago: elkarrenganako konfiantza epela. Realak ez du erabateko konfiantza Montanierrengan, eta denboraldi bat luzatzea baino ez dio eskaini. Montanierrek kontratu luzeagoa nahi zuen, eta hain motza eskaintzea honela ulertu du: ez dira berarekin fio, bere lana ez dira ari behar bezala neurtzen… ez dute inoiz neurtu behar bezala, ez baita konfiantza eza hau oraingo kontua.

- Konfiantza eza oso nabarmena izan da Realaren partetik bi denboraldi hauetako hainbat unetan: joan zen sasoian, Betisen zelaian Iñigo Martinezek gol ikusgarri hura sartu izan ez balu, kalean legoke. Oso argigarriak izan ziren Jokin Aperribai presidentearen hitzak orduan: “Hobetu egin behar du partidak irakurtzeko eta kudeatzeko lanetan”. Klubak beste entrenatzaile batzuekin hitz egin zuen orduan. Montanierri ez zion batere graziarik egin kontu horrek guztiak. Konfiantza eza zegoen elkarrekiko. Denboraldi amaieran, klubak ez zuen uste bezain garaiz esan Montanierrek bete egingo zuela bigarren denboraldia, kontratuak zioen bezala. Denboraldi honen hasieran ere, dantzan egon zen entrenatzailearen lana: kluba beste entrenatzaile batzuekin hitz egiten egon zen.
- Arrazoi bat edo bestea tarteko, klubari ez dio ziurtasunik ematen Montanierrek, eta Montanier jakitun da horretaz. Klubak denboraldi bakarra luzatzeko eskaini dio, konfiantza erabatekoa ez izatearen eraginez. Montanierrek bi denboraldi hauetan pilatu zaizkion konfiantza ezaren zantzu bat gehiago bezala hartu du eskaintza. Ez du erosoa izan behar baldintza horietan lan egitea. Pentsatuko du konfiantza ez edukitzea ez dela aldatuko klubaren partetik, eta emaitza txarrak iritsiz gero, berriz ere zuzendaritzaren jomugan egongo litzatekeela.
- Bat alde batera, bestea bestera. Ez dago besterik. Bikoteetan elkarrenganako konfiantzarik ez badago, aukera hautatuena uztea izaten da. Eta Realak eta Montanierrek hautsi egin dute bi denboraldi iraungo duen harremana.