Ez zara inoiz joango
ATHLETIC 0
LEVANTE 1
San Mamesen agurrean, galdu egin du Athleticek azken minutuan, baina emaitzak ez du itsusitu zelai historikoaren adioa.
- Nahiko zenuen zure etxeko talde kuttunak irabaztea zure agurrean, baina ezin izan da. Zenbat bider entzuten ote duzu denboraldi honetan hitz petral hori: ezin. Halakoxea joan da sasoia, zuk ederki ikusi duzun bezala, bertatik bertara, eta bukaera ere halakoxea izan da.
- Ederra izango zen ba zu agurtzea merezi duzun bezala. Tira, merezi duzun hori guztia ez du aldatzen gaurko emaitza txarrak… eta zer kontatuko dizugu ba: betikoa izan dela… aukerak sortu irabazteko, baina asmatu ez. Eta aurkariak oso gutxirekin bat sartu eta hiru puntuak bereganatu.
- Zure historia luzean, zenbat jokalari ez ote dira ari izan zure zelai dotorean futbolean jokatzen? Zientoka, milaka… Denak errespetatu dituzu, eta denek errespetuz eta miresmenez hartu zaituzte. Denetarik ikusi duzu historia luze honetan: jokalari bikainak, ez hain onak, trebeak… Baina kanpotik etorri zaizkizun horien gainetik, etxekoak miretsi izan dituzu, zaindu, maitatu… Okerrak egin arren. Gaur, esaterako, jokalari batek itsusitu egin du zure agurra; Muniainekin haserretu ere egingo zinen beroan, baina asmatuko duzu beroa hozten.
- Zure Athleticek ezin izan du golik sartu zure agurrean, eta ezin izan du 11 jokalarirekin amaitu partida, Muniainek txikikeria bat egin duelako. Esaiozu Pitxitxiri ez haserretzeko gaurko gol ezagatik. Bidali eskuminak goleatzaile finari, eta agindu jokalarien partetik hurrengoan ere azaltzeko, zelai berrira joateko, golak sartuko dituztela eta. Denboraldi honetakoa ezohikoa izan dela, eta golak itzuliko direla.
- Ez duzu denboraldi gozoa izan hau. Sufrimendu gehitxo. Urtebeteko tartean, goitik behera joan da Athletic, eta zu izan zara lekuko fin. Zuk eman diezu aterpe tristurei, zuk alaitu eta berotu dituzu tristurak eta hoztasunak… beti egin izan duzun bezala. Onean hor egon zara, eta txarrean ere bai, noski. Beti egongo zara hor, eta zure izen bereko zelai berrian azalduko zara nonbait. Zuretzat izango da lekurik onena: zale bakoitzaren bihotzean tokia izango duzu.