Ez utzi biharko gaur egin daitekeena

Egilea:

Data: 2013/06/22

EIBAR-L’HOSPITALET (gaur, 20:00, ETB)

Joseba Urkiolak gaurko partidari begirada bota dio, eta Ipuruaren indarraren beharra nabarmendu du.

Azken eguna iritsi zaio, azken eguna Ipuruari. Eibarrek gaur denboraldiko azken partida jokatuko du gotorleku kuttunean. Iragan larunbateko poz eta alaitasunen ohiartzunak bertan jarraitu arren, iragana ahantzi eta orainari heldu beharrean dira Gaizka Garitanoren mutilak. Denboraldia hasterakoan kolore bereziz azpimarratutako hamabostaldian barneratuak daude, eta gaurkoak inportantzia berezia du. Hutsak garestiegi ordaintzen diren data, poz zuhurtziaz hartu beharrekoa. Orain zurrun eta hertsia, horixe da garrantzia duen bakarra. Hipotesi, uste eta irudimenak astean zeharreko elikagai izan dira, eta izango dira.

ETB1en, 20:00 aurrera ikusgai izango den moduan, Eibarrek CE L´Hospitalet izango du aurkari. Biak azken sprintera iritsiak dira, baina patuak bati bakarrik utziko dio igoeraren loria dastatzen. Helmuga zinta aspaldi jarria dago, eta lekukoak prest dira urduri. Gaizka Garitanoren taldea sasoiko aurkeztuko da azken txanpara. Alcoyanoren aurka zalantza batzuk plazaratu eta majo sufritu ondotik, Oviedoren aurka Eibarrek nortasun eta sendotasun handia erakutsi zuen. Carlos Tartiereko lehia denboraldiko eraginkorrenetakoa, Ipuruan Cervero-Casares biko arriskutsuari hegalak moztuaz merezita lortu zuten sailkapena. Armaginak gorako tendentziarekin heldu dira. Gazteak indartsu dira, eta esperientzia bere lana ondo ari da egiten. Xabi Iruretaren ziurtasun elastikoa, Dani Gartziarekin erdialdeko sendotasuna, Ander Caparen hegaleko joera sigi-sagatsua… puntu eta gauza asko daude nabarmentzeko. Bakoitza bere rola interpretatuz, baina egun Ipuruan Eibar mendean hartzea ez da erraza. Jose Carlos Granero Oviedoko entrenatzaileak argi utzi zuen iragan zapatuan partida amaitu osteko prentsaurrekoan.

CE L´Hospitalet baina ez da bisitan etorriko Katalunia aldetik. Ezin ahaztu Migue Alvarezek zuzentzen duen taldea lehen postua geratu zela 2.B mailako 3. multzoan. Huracan Valentziak bezala 80 puntu poltsikoratu zituzten Llobregatekoek. Dena den euren artean emaitza onenak kataluniarrek lortu eta lehen postua eurena izan zen. Mailan esperientzia aldetik zaildutako jokalariez osatutako taldea da. Feixa Llarga belar artifizialeko zelaian puntu uzta oparoa lortu dute denboraldian zehar. Etxetik at beltzune asko eskaini zaleak izan arren, euren gotorlekuan dena konpontzen dute. Play offetan etxetik kanpoko bi partidak galdu egin dituzte. Tenerifen 3 -1eko jipoi mingarria hartu zuten lehen kanporaketan. Caudalen aurka ere 1-0eko porrotarekin amaitu zuten joaneko lehia. Baina etxean gauzak desberdin dira. Tenerifek aurrera egin arren, Katalunian amore eman behar izan zuten, eta asturiarren aurka nahikoa erraz gailendu eta azken kanporaketarako txartela eskuratu zuten.

Eibarrek beraz, argi dauka gaurkoak azken kanpokaketako joaneko partida izateaz gain, garrantzia berezia duela. Lehen 90 minutuek ondorio dezente utzi ditzakete. Zelai artifizialean igoera postu bat erabakitzea oso da tristea, baina ezin da aitzakia izan. Legeak baimentzen duen bitartean, errealitate krudel hori ere errespetatzekoa da. Ipurua mukuru dela Garitanoren mutilek aurre lanak borobil, egoki eta eraginkor gauzatu beharra dauzkate. Oviedon ez bezala, CE L´Hospitalen jokalari erreferentzial gutxiago daude, talde lana baina gorestekoa da. Alvarezek astero-astero egoki josten du soineko futbolistikoa, eta bakoitzak taldeari ikutu berezia gehitzen dio.

Gauzak azkenerako utzi gabe beraz, ahalik eta azkarren gauzak erabaki eta aukera aprobetxatzea horrexek behar du izan konfiantzaz topera eta ilusioz gainezka dauden armaginen ideia nagusienetako batek. Hamaikakoa erabaki gabe egon eta Garitanok sorpresaren bat txertatu dezakeen arren, Irureta, Yuri, Raul Navas, Añibarro, Boveda, Dani Gartzia, Errasti, Abaroa, Guille Roldan, Capa eta Añibarro ez dira urrun izango hasieratik. Ipurua, bada, prest da denboraldiko azken dantzarako. Athleticen eta Malagaren aurka Espainako Kopan berdintzen ikusi, Alaves liderra 3 golekin menderatzen bizitu eta Oviedo aisa gailentzen gozatu ondotik, gaur ere gau ahaztezin baten lekuko izan nahi luke zelai zaharrak.