Ez dadila azkena izan

Egilea:

Data: 2012/11/10

ESPANYOL 0
OSASUNA    3
Sekulako garaipena lortu du, beharrezkoa eta une larrienean. Harrobiko jokalari askok jokatu du, gainera.

  • ‘Azkena’ hitzaren jiran idatzi genuen azo partida honen aurrekoa. Eta ‘azkena’ hitza erabili beharra dago neurketaren ondoren ere. Estu eta larri joan Espanyolen zelaira, eta sekulako garaipena lortu (0-3). Beharrezkoa. Ez dadila azkena izan.
  • Bitxikeria izango da, baina denboraldi honetan irabazi dituen bi partidetan, zazpi gol sartu ditu taldeak denera: lau Levanteri, hiru gaur.
  • Bitxikeria ez da hau: bi garaipen horietan golik ez diote egin aurkariek. Hori da bidea, hori da oinarria, hori da zutabea.
  • Talde osoak egin behar du defentsako lana, eta lan hori ez da jokalari baten baitan inoiz geratuko, baina gaur, 11koan, Miguel Flaño jarri du Mendilibarrek, aspaldiko partez. Antzeman egin da bera egon dela.
  • Etsipena zen bazterretan lehiaren aurretik. Taldearen ibili tristeak ez zuen itxaropenerako tarterik ematen, eta gainera, kapitainak ezin zuen jokatu. Puñal gabe, taldearen artzainik gabe aritu behar zuen artaldeak. Kezka handia. Mendilibarrek etxeko bi jokalari jarri ditu euskarrien lekuan: Raoul Loe eta Timor. Bi gazteak beteranoaren lan eskerga betetzeko. Irabaztea ona bada, bi horiekin irabazteak indarra ematen dio garaipenari.
  • Harrobiaren lana nabarmendu egin behar da. Zazpi etxeko jokalari zelaian direla amaitu da lehia Osasunak. Kontuan hartzekoa.
  • Zorte ona, zorte txarra… Aurreko partidetan alde izan ez duena gaur fabore egokitu zaio: Cejudoren golean (0-1), nahigabe etorri zaio baloia. Gero, Espanyolekoek egindako bi jaurtiketa ez dira sartu txiripaz, langa tarteko horietako batean. Zortearen faktorea ere kontuan hartu behar izaten da.
  • Gaur irabazi izanak ez du esan nahi gabezia guztiak kolpetik zuzendu direnik. Arnasa emango dio, bizirik irauteko eta lanean jarraitzeko denbora. Ez ahaztu, ordea, azkena izaten segitzen duela taldeak.