Ez da irabazle zaharra
OLYMPIQUE LYON-ATHLETIC (gaur, 19:00)
Europako Ligako hirugarren jardunaldian, azken urteetan gorakada handia izan duen taldea du aurkari Athleticek.
Olympique izena entzun, eta aspaldi ez dela, Marseilla jartzen genuen alboan. Azkenaldian, ordea, Lyon etortzen zaigu gogora errazago: Olympique Lyon. Izan ere, ibili loriatsua osatu du mende berrian sartzearekin batera.
Historia luzea dauka, 1899an sortu zelako, klub bezala 1950era osatu ez bazen ere. Bigarren mailan urte askoan ibilia, hirutan irabazi zuen txapelketa hori. Gorakada gizon baten izenarekin lotu behar da: Jean Michel Aulas. 1987an hartu zuen klubaren ardura. Hor jarraitzen du oraindik.
2002tik 2008ra, Frantziako nagusia izan zen Lyon, liga urtero irabazi zuelako. Handia da gero halako nagusitasuna izatea. 2008an, Kopan ere gailendu zen. Lau urte egon da gero titulurik gabe, aurten Kopa irabazi duen arte.
Europan ere ezagun egin da azken urteetan, 11 bider aritu baita Txapeldunen Ligan. 2008-2009 denboraldian, finalerdietara heldu zen.
Orain, ez dabil hain loriatsu, baina ez du beherakada handia izan. Puntako taldea izaten segitzen du, eta aurkari zitala izango du parean gaur Athleticek.

Hirugarren jardunaldian, eta irabazteko premian
Athleticek Gerland estadioan izango du zain Lyon (19:00). Hirugarren jardunaldia du Europako Ligak, eta puntu ale bakarra dauka Bielsaren taldeak. Gaur, ezin du galdu, kanporatua geratzeko arriskua handitu egingo zaiolako. Lyonek 6 puntu ditu.
Bielsak atzo baieztatu zuen 11koa, eta hauxe izango da: Iraizoz; Iraola, Gurpegi, Amorebieta, Aurtenetxe; Iturraspe, De Marcos, Herrera; Muniain, Aduriz eta Susaeta.
Multzoko beste partida: Sparta-Happoel (19:00)