Ez da “ia ezinezkoa”
REAL MADRIL-REALA (gaur, 17:00)
Partida erakargarria dauka Realak, eta aurkaria handia izan arren, izan ditzake aukerak handiren bat egiteko.
Real Madrili irabazteko aukeren neurria eta Espanyoli irabaztekoena jakina ez dela bera. Askoz zailagoa da, aldez aurretik begiratuta, Madrilen irabazle izatea.
Baina edonon daude puntuak, edonon eskura daitezke, eta edozeinek edozeini irabazteko aukera hor egoten da.
Hortaz, zergatik ez dio Realak gaur Real Madrili irabaziko bere zelaian?
Are gehiago handitzen dira aukerak kontuan hartuta Real Madril joan zen denboraldian bezain indartsu ez dabilela. Egia da edozein unetan, edozein partidatan txikitu egin dezakeela aurkaria. Baina Realak ere baditu heldulekuak Bernabeu hankaz gora jartzeko.
Lehenik eta behin, nortasuna azaldu behar du. Bere estiloa ezartzen saiatu, baloiaren jiran oinarritzen den hori. Eta defentsako lanean, ez du kikildu behar, oldarkor aritu beharrean da.
Real Madrilen indarra kontraerasoan dago. Hori moztu behar du Realak nola edo hala, erabat moztea oso zaila izango den arren. Jo egingo dio Real Madrilek (jokoaren zentzuan esanda), eta Realak ere jo egin behar dio. Sufritzeko momentuak izango ditu, eta berak ere sufriarazi egin behar dio aurkariari.
Beste denboraldietan baino osagai gehiago dauzka Realak Bernabeun irabazteko. Era batekoak eta bestekoak. Bere indarguneak eta aurkariaren ahuleziak. “Ia ezinezkoa” (Montanierrek, herengun) baino aukera dezente gehiago ditu.