Europarren molde zaharren bidetik

Egilea:

Data: 2014/06/23

MUNDUKO KOPA 2014

  • Brasilen jokatzeko ereduak 1970etik gaur arte izan duen bilakaera aztertu digu Naxari Altunak, analisi landu eta zehatz honetan.
  • Emaitzak lehenetsi dituzte jokoaren gainetik azken urteetan, erdilari sortzaileen kaltetan.

Brasil ez da Brasil. Aspaldi utzi zion Brasil izateari. 1986an, Luis Fernandezen penaltiak Mexikoko Mundialetik etxera bidali zituenetik. Zicok, hamaika metroetatik huts egin zuen partidan; gero, Platinik ez zuen asmatu hamaika metroen lehian. Luis Fernandezek konpondu zuen arazoa. Tele Santanaren aroa kolpetik amaitu zen, zaleak hunkitu zituen azkena. Belaunaldi hartako jokalariak aipatuta, begiak dir-dir hasten dira, dantzan: Leandro, Junior, Cerezo, Falcao, Socrates, Eder eta Zico. Ez zuten irabazi, baina futbolaren memorian toki berezia dute. Brasildarren kuttunak dira, 1970eko haiek bezala.

Mexiko’70 ospetsu hartan Mario Zagallo zen hautatzailea, eta Carlos Alberto Parreira gaztea prestatzaile fisikoa, gerora canarinhoen joko bilakaeran erabakigarria izan dena. Parreiraren aginduetara prestaketa lan zorrotza egin zuten brasildarrek Guanaguaton (Mexiko). Zagallok erdilarien aldeko apustua egin zuen. Goi-mailako metronomoak izaki, guztiak elkarrekin jarri zituen hamaikakoan: Gerson, Tostao, Pele, Jairzinho eta Rivelino. Brasil eta erdilari handiak, askotarikoak. Erdilari-aurrelariak. Enbor bereko ezpalak.

Brasil txapeldun atera zen Mexikon eta mundu guztia liruratuta geratu zen hori-berdeen joko mailarekin. Perfekzioaren ispilu bihurtu zen: 1970eko Brasil, gailurra. Haien ondoren, Herbehereak azaldu ziren, ekarpen berri gisa. Futbol osoa. Futbol miresgarria. Baina, laranjek ez zuten irabazi, Ajaxek bai; ez ordea selekzioak. Alemania beti azaltzen zen zirrikituren batetik, Italia ere bai. Germaniarren eta italiarren moldea nagusitzen hasi zen Mundialen ikuspegitik. Argentina ere tartean sartu zen; Maradonaren aurreko belaunaldia. Alemania’74, Argentina’78, Espainia’82, Mexiko’86 ez ziren txapelketa onak izan, emaitzaren ikuspuntutik, canarinhoentzat. Estiloaren haustura, abiapuntua, 1990ean gertatu zen, Italiako Mundialean.

Sebastiao Lazaronik Brasilgo atzelari trinkoak famatu zituen. Hiru erdiko atzelarirekin jokatzen hasi zen. Ricardo Gomes, Mozer eta Mauro Galvao aukeratu zituen hautatzaileak Taffarel atezainaren aurretik jokatzeko. Mauro Galvao Botafogoko jokalaria zen orduan, eta Mundialaren ondoren Suitzara joan zen, Lugano taldean sei denboraldi jokatzera: “Hiru erdiko atzelari peto ginen. Ez zen liberorik. Hegalekoen hutsuneak betetzea zen gure egitekoa. Beharbada, jendeari ez zitzaizkion behar bezalako azalpenak eman, eta defentsiboak ginen ustea zabaldu zen”.

Brasilgo hegaleko erasokorren tradizioa aspaldikoa da. Baina, futebol arte garaian ere baziren: Djalma eta Nilton Santos aitzindariak izan ziren. Italiako Mundialean Jorginho eta Branco ziren arrastoan zehar gora eta behera zebiltzanak. AEBetako Munduko Kopan ere hala zen. Brancok jaurtiketa zitala zuen ezkerrez; urruneko zartakoek atezainak ustekabean harrapatzen zituen, Ed de Goey holandarrari 1994ko Mundialean gertatu bezala. Hegaleko atzelariak libre ibiltzeko, hiru erdiko atzelariek eta Dungak osatzen zuten segurtasun sarea, eta, behar zenean, zelaiaren ertzak ixten zituzten. Artistak beti aurretik Italiako Mundialean: Alemao, Valdo, Careca eta Muller.

Argentinak Munduko txapelketatik bota zuen Brasil 1990ean. Neurketa gorabeheratsua izan zen. Final-zortzirenetan lehiaketatik at geratu ziren canarinhoak, jokamoldean aldaketa esanguratsua izanagatik. Ustez, seguroagoa, sakralizatutako garaipenaren izenean. Bide horretan sakontzea erabaki zuten Brasilgo federazioan. Egitasmoa 1994ko Mundialean sendotu zuten, txapeldun atera ondoren. Pixkanaka, Brasil erdilari handien herrialdea izatetik, aurrelari handien lurraldea izatera igaro zen. Romario eta Bebetoren esku zegoen aldea egitea, bai egin ere. Carlos Alberto Parreira hautatzaileak bi euskarriren aldeko hautua egin zuen, hirugarren bat hegalera bidalita, gerora moda bihurtu zena.

Atzean, hiru erdiko atzelaritik bira igaro zen, zelai erdia indartuz. Mazinho, Dunga eta Mauro Silva elkarrekin aritzen ziren. Deportivoko jokalaria euskarri lanetan onena izan zen urteetan, isilean, arazoei aurrea hartzeko ahalmen paregabearekin, natural. Clodoaldoren eskolakoa. Parreirak ez zuen postu berri bat asmatu, baina itzalpeko jokalariak erakusleihoan jarri zituen, etorkizuneko futbol taldeen oinarri bilakatzeraino. Jokalari horiek beti izan dira Brasilen, artisten bizkarra zaintzen. Baina artistekin bat egiten zuten, jokoaren armonia hautsi gabe. Clodoaldok Pele eta bere lagunen hutsuneak estaltzen zituen, eta dantzan ere aritzen zen haiekin, horretarako dohainak eta askatasuna ere bazituelako. Haren ondoren, Dunga, Mauro Silva eta Mazinho oso estimatuak izan ziren. Rai bezalako erdilari ikusgarriek ibilbide apalagoa izan zuten selekzioan. Sao Paulon eta PSGn mito bilakatua, ez zen garai onean iritsi seleçaora. Beste aro bateko jokalaria zen; akaso, bere anaia nagusi Socratesen garaikoa.

Azpiegitura finkatua zuen Brasilek. Cesar Sampaio azaldu zen gero; ondoren, Emerson, Kleberson eta Gilberto Silva. Ronaldo golegile bortitzak konpontzen zituen arazo guztiak. 1998ko Mundialean gehiegizko ardurak ondoeza eragin zion finalaren egunean eta taldeak kolpea nozitu zuen. Irabaztea zen brasildarren xedea, estiloaren gainetik. Jokoa jada ez zen hain garrantzitsua. “Baloiarekin gozatzera ateratzen ginen”, Zicok behin aitortutako espirituaren arrastoa galtzen joan da urteen poderioz.

2002an Luiz Felipe Scolariren aginduetara bosgarren izarra josi zuten elastikoan canarinhoek. Felipao hiru erdiko atzelarien moldera itzuli zen, Lazaroniren garaiak gogora ekarriz. Ronaldok eztanda egin zuen Japonia eta Hego Koreako Mundialean, lesio larriei ixkin eginda. Aurrelari handien txanda zen. Rivaldo eta Ronaldinho ere han ziren. Brasil, erregaiez gainezka: Ronaldinho, Rivaldo, Ronaldo. Haiek babesten azpiegitura trinkoa, eta betiko atzelari hegalariak: Cafu eta Roberto Carlos.

2006 eta 2010ean, berriz, kale egin zuten brasildarrek. Hegoafrikan oihu bat ozen entzuten zen Dunga hautatzailearen lana kritikatuz: “retranqueiro!!!”, zioen torcidak. 1994ean urrezko kopa jaso zuen kapitainari atzera begira jokatzea leporatzen zioten: “Na retrancaaaa!!!”. Arrisku hori izaten da jokoaren gainetik beste helburu batzuk gailendu eta horiek betetzen ez direnean.

Brasilgo selekzioa noraezean zebilen CBF erakundeak Mano Menezes kargutik kendu eta Luiz Felipe Scolari berriro hartu zuenean. Londresko Olinpiar Jokoetan amore eman zuten Mexikoren aurrean eta 2014ko Mundialaren atarian zalantza eta beldurra gailendu ziren. Carlos Alberto Parreira da selekzioko kirol arduradun nagusia, eta Scolarirekin bat eginda, Seleçaoak zurrunera jo du. “Ez dakit zergatik jokatu beharko genukeen duela berrogei urteko selekzioak bezala”, zioen berriki Parreirak: “Pele amaitu zen, Garrincha ere bai! Dauzkagun jokalariengan sinetsi beharra dago”.

Akabo erdilari handien garaia. Bi areatan jokalari erabakigarriak nahi dituzte. Atzean eta aurrean jokalari zitalak nahi ditu Brasilek. Sortzaileak susmopean baleude bezala. Jokoa hutsik geratu da. Umezurtz.