“Europa? Utzi txorakeriak. Lehendabizi, ez jaistea”.

Egilea:

Data: 2012/02/26

Mendilibarrek oso argi hitz egin du gaur ere, Granadari irabazi eta gero (2-1). Helburua lortzetik gero eta gertuago dago taldea.

Hartu sailkapena, eta Osasunak 34 puntu dauzkala ikustean, ez da harritzekoa helburuak aldatzea taldearen inguruko giroan. Baina Mendilibarrek ez du aldatu nahi, eta gaur ere, oso argi esan dio kazetari bati zein den asmoa. Granadari irabazi berritan esandakoa da hau: “Europa? Utzi txorakeriak. Lehendabizi, ez jaistea”.

Neurketa erakargarria zen Iruñekoa. Osasuna ondo dabilela jakina da, eta Granada ere dotore ari da azkenaldian. Baina izenik ez duenez, ezkutuan bezala dago bere lan ona. Kontuak kontu, kanpotarrek erakutsi dute zergatik dabiltzan ondo. Partidaren hasieran, aukera onak izan dituzte golak sartzeko, baina ez dute asmatu, Andres Fernandezek beste partida handi bat jokatu duelako.

Gero, nafarrek hiru minututan sartu dituzte bi golak (Nekunamek eta Lekicek). Granadak ere lehen zatian egin du berea (Mikel Ricok).

Bigarren zatian, azken ordu-laurden pasa 1o jokalarirekin aritu da etxeko taldea, Puñalek bi txartel hori hartu dituelako.

Hemen fitxa, Osasunaren web gunetik hartua.

Mendilibarren adierazpen batzuk: 

  • “Jaitsiera 10 puntura daukagu, eta sinesten segitu behar dugu ez garela jaitsiko”.
  • “Lehen zatian ez dugu ondo jokatu, baina bigarrenean bai”.
  • “10 jokalarirekin aritu beharrak zaildu egin digu, baina kasta atera dugu, eta aukera bakarra egin digute. Guk, aldiz, gehiago izan ditugu, eta oso garbiak”.
  • “Jokalari bat gutxiagorekin egon garenean, ez gara gaizki aritu. Gertatzen dira halakoak, arreta gehiago jartzen dutelako jokalariek, elkarri gehiago laguntzen diotelako. Baina hori beti egin behar da, 11×11 daudenean ere bai”

Abelen adierazpen batzuk: 

  • “Ondo jokatu dugu, baina ez dugu asmatu aukerak sartzen, eta beraiek bai. Eta horrek balio du”.
  • “Partidaren hasieran, o-3 jartzeko aukerak eduki ditugu. Emaitza txarra izan da, baina jokoa ez”.
Lekicek lesio larria izan dezake
Denak ez dira albiste onak. Izan ere, Lekicek kolpea hartu du eskuin besoan, eta kubitoa hautsita dauka. Orain, aztertu egin behar dute sendagileek ebakuntza beharko duen edo ez, eta bihar argituko dira gauza gehiago. Baina aurrelaria pare bat hilabete egon daiteke jokatu gabe.
Ibrahimak ere min hartu du. Izterrean honek. Bihar jakingo da zer duen zehazki.
Lekic, gaur, gola sartu izana ospatzen.EFE