Etxekoa etxetik kanpo erakustera
Osasunak Mallorcan jokatuko du gaur (18:00), eta jokalari askoren falta izango du Mendilibarrek.
Osasuna Mallorcan da, eta etxeko Osasuna izan nahi du Herrialde Katalanetako hirian. Puntu pila dauzkate nafarrek, eta gehienak etxean bildutakoak. Kanpoan ez du hain uzta oparoa, eta gizendu nahi du gaur arratsaldean (18:00).
Helburu hori gauzatzeko, jokalari asko faltako zaizkio Mendilibarri. Lesioak eta txartel pilaketak tarteko, ezin ohiko 11koa atera. Gainera, ez du ematen taldeko jokalari denengan konfiantza duenik, Osasuna Bko bi jokalari deialdian direlako: Roberto Torres eta Raoul Loe.
Puñal ez da izango, txartelengatik, eta aurrealdean, Lekic ere ez, min hartuta dagoelako. Ibra ere egoera berean da.
Sailkapenean, Osasuna 7. dago, 34 punturekin, eta Mallorca 15.a da, 28rekin.
Mendilibarren adierazpen batzuk:
- “Jokalari batzuk ez dira izango, baina gure taldeak ez ditu faltan botatzen ez daudenak”.
- “Denbora asko da etxetik kanpo irabazi genuela, eta beraz, gertuago dago berriz irabaztea”.
- “Etxetik kanpo kosta egiten zaigu partiden hasieran ondo egotea, eta ea Mallorcan huts hori konpontzen dugun, gu geu izanez”.
- “Mallorca lehiakorra da, Caparros hor egonda, badakigu ez digutela oparirik egingo. Zaila da kontraerasoan min ematea, baina beraiek onak dira alor horretan”.
- “Oso gertu daukagu 43 puntu lortzeko aukera, baina tenisean bezala, zailena da azkeneko tantoa egitea. Espero dezagun ez sufritzea hori lortzeko”.
Caparrosen adierazpen batzuk
- “Mendilibar da Espainiako Ligako entrenatzaile onenetakoa. Daukaten dena ateratzen die jokalariei”.
- “Erabakita daukat 11koa, eta ez da aldaketa handirik egongo”.
- “Osasunak oso ondo daki zertara jokatzen duen”.
- “Ezin dugu kontuak egiten ibili, ez direlako inoiz ondo ateratzen”.