Etxeita Athleticera; Joseba Llorentek eta Realak kontratua eten dute
FITXAKETAK
Erdiko atzelaria etxera itzuliko da, eta aurrelariak denboraldi bat gehiagorako zuen hitzarmena ez du beteko.
Xabi Etxeita (Zornotza, 1987) Athleticera itzuliko da, Elxen hiru denboralditan aritu eta gero. Erdiko atzelariak oso maila ona eman du, eta etxera bueltatuko da. 2008tik 2010era hainbat partida jokatu zuen lehen taldean, eta gero joan zen Elx aldera.

Joseba Llorentek eta Realak bestelako kontuak dituzte. Kontratua etetea adostu dute bi aldeek. Beste denboraldi baterako tratua zeukaten sinatuta. Azken bi denboraldietan bere maila eman ezinda aritu da aurrelaria, eta oso gutxi jokatu du; denboraldi honetan, Osasunan egon da, Realak utzita.
Baieztatu gabeko beste bi fitxaketa
Ez dira ofizial egin oraindik, baina ez da denbora asko pasako horretarako. Osasunak Joan Oriol (Cambrils, Herrialde Katalanak, 1986) ezker hegaleko atzelaria lotu du, eta gaur arratsaldean zen mediku azterketak egitekoa. Gainditzen baditu, Osasunak ofizial egingo du fitxaketa.
Kike Solaren izena da bestea. Athleticek fitxatu duela esan du Osasunako presidente Miguel Archancok. Bera buru duen klubak zenbat ordainduko duen ere esan du: “Lau milioi eurotik gora”.