Eten da sua berriz ere

Egilea:

Data: 2013/03/16

GETAFE  1
ATHLETIC  0

Ohiko akatsek porrota eragin diote Athletici, eta bi partida jarraian irabaztearen bolada hautsi egin da.

  • Athletic hau suziria bezalakoa da, festei hasiera emateko botatzen diren horietakoa. Hegan ateratzeko sua behar du ipurdian, beroa, saltsa, gatza eta piperra. Joan zen denboraldiko partida ahaztezinak ez ahaztea bezalakorik ez dago horretaz jabetzeko. Sasoi honetakoak, behar du lehengo hura guztia, baina ez dauka. Eta dena falta zaio. Festa gutxi dago Athleticen inguruan denboraldi honetan.
  • Getafekoa adibide ona da. Eta baita Osasunaren eta Valentziaren aurkako bi partidak ere, nahiz eta biak irabazi. Jokoaren eraginez ez zuen lortu irabaztea bi partida haietan, eta duela urtebete hemen bertan behin baino gehiagotan idatzi genuen bezala, Athletic honek ondo jokatu behar du irabazteko. Irabaz dezake gaizki arituta, baina oso gutxitan. Iruñea eta San Mames, azken bi neurketak, halaxe izan ziren. Gaur, Getafen ere, ez da ondo aritu, eta galdu egin du.
  • Ez da seinale onena izaten atezaina loratzea partida batean. Bitan jarraian bada, seinale txarra kezka da. Eta hirugarrenean ere gertatzen bada, zerbait oker dabil. Gaur ere Gorka Iraizoz izan da onena.
  • Eta gainerakoak? Ba nahiko galduta. Noizean behin azalduz bakarrik. Eta hor azaldu da beste behin talde honen gabezietako bat: golak sartzeko ezina. Izan ditu aukera batzuk (asko ez) gaur ere, baina asmatu ez, eta asmatu ezean, kale egiteko arriskua handia izaten da.
  • Are gehiago handitzen da arriskua beste gabezia handietako bat zuzendu ez denean: geldikako jokaldiak. Halakoxe batean sartu dio gola Getafek (Borjak, 6. minutuan). Eta beste hiru ere sartu ahal izan dizkio aurkariak ondorengo minutu guztietan.
  • Getafek nahi zuena lortu du: aurretik jartzea. Lerroak atzeratzeko aukera eman dio, kontraerasoan jokatzeko. Horixe du joko gustukoena, eta eroso ibili da. Izatekotan, arazo hau izan du: atzealdeko lerroa aurreratzean, aukera eman dio Athletici baloi luzeekin eta bigarren lerroko jokalarien sarrerarekin, baina zuri-gorriek atearen aurrean ez dute asmatu.
  • Atearen aurrean kamuts, eta atzealdean opari egile, horrela zaila du Athleticek denboraldi honetako bidea zuzentzea. Irabaziko du noizean behin, baina galdu, gehiagotan egingo du. Bide okerra zuzendu ezean, halakoxea izango da denboraldia amaitu arteko bidea. Askoz gehiago egin behar du taldeak, eta ahal dezake. Sikiera, aho zapore gazia apur bat gozatzeko bada ere.