Eta orain zer?

Egilea:

Data: 2012/11/04

REALA 0
ESPANYOL 1
Reala egoera zailean da berriz galdu eta gero. Zaleek Montanierren dimisioa eskatu dute.

  • Ez zaio arrotza Realari eta bere inguru guztiari egungo egoera. Larri sailkapenean, atzera begira. Baina bada aldea beste egoerekin: udatik buruan sarrarazi diote talde ona dagoela, eta horrekin aski izango zela denboraldi biribila osatzeko. Talde ona zer den azaldu beharko dute ilusio faltsuen saltzaile horiek (betikoak, bide batez esanda).
  • Talde ona talde polita al da? Hori bakarrik? Bistan da ezetz. Talde ona talde sendoa ere bada. Ona zentzu guztietan. Ona lehiatzen, ona teknikoki, ona taktikoki, ona fisikoki eta ona psikologikoki. Horietan zertan dira onak Realeko jokalariak? Eta horiek lantzen zertan da ona entrenatzailea?
  • Montanierrek lanean segitzea erabaki zuen zuzendaritzak, joan zen sasoian bere kontrako iritzia zabaldu bazen ere (arrazoiarekin edo gabe). Baina hori zen aldartea. Klubak esan zuen udan eta bere lagun hedabideak berdin, Montanier hobea izango zela aurten. Ondu zertan? Taldea jokatzen ikusita, taktikoki behintzat ez da onerako aldaketarik. Beste zerbaitetan onera egin badu, onera egin dutela saldu dutenek jakingo dute.
  • Espanyolek, oraingoz Ligako talde txarrenetakoak, Anoetan irabazi egin du. Sua harrotu da. Montanierren burua eskatu du zaleak. Eskatzen hasita, eska zezakeen bera ekarri zuenarena bere berri handirik jakin gabe (Bielsak ezezkoa esan eta gero, ipurdi bixtan geratu zen kluba; itxura hori eman zuen behintzat). Eska zezakeen DVko kazetariena eta zuzendariarena, gezurra saltzeagatik beren gustukoa den zuzendaritza babesteagatik. Eska zezaketen zuzendaritzarena, ilusio faltsuak saltzeagatik. Baina ez, Montanierrena bakarrik eskatu dute.
  • Eta orain zer? Entrenatzailearen kontrakoak harrotu egin dira, eta zuzendaritzak presioaren zama dauka. DVkoengatik lasai, horiek iritzia aldatzeko batere lotsik ez daukate eta. Beraiek izango dira akaso (dagoeneko ez badira) Montanierren kaleratzea eskatzen aurrenak.
  • Hori dena dago orain klubaren baitan. Galdu eta gero. Baina partidako zenbait unetan azkenaldiko neurketetan baino itxura hobea eman eta gero. Golik ez sartzea izan da (besteak beste) beste behin, taldea zigortu duena.
  • Bestelakoan, azterketak lehendik joan behar du: taldea ez dago taktikoki landuta, beste talde asko bezala dena esaten hasita, eta zama handia da hori. Baina Montanierrek horrela lantzen dituela jakina zen Frantziatik ekarri aurretik. Nahiz eta Guardiolaren pare jarri DVko manipulatzaileek. Dimisioak eskatzen hasita, askoren buruak eskatu behar dira hemen. Eta zenbait jokalari ezin dira errurik gabe utzi.
  • Azkeneko gogoeta: ikasteko balio dezala egungo egoerak, eta zaleak ez dezala utzi bere burua manipulatzen. Karetak kenduta daude beste behin Realaren jiran. Milagarrenez. Ea azkeneko aldiz den.