…eta orain, afaria!
REAL MADRIL 4
OSASUNA 2
Ligako azkeneko partida galdu egin du Osasunak, oso tentsio gutxi izan duen partidan.
- Ligako azken jardunaldia, eta bi talde aurrez aurre. Biek ezer ez jokoan. Jokatu aurretik erraza izaten da asmatzen nolako partida izango den. Tentsioa tamainan, hasteko. Lehia bizirik ez, neurrikoa baizik. Partida irekia, aukerak alde batean eta bestean. Eta bi taldeetako bat Real Madril bada, ez da urruti ibiliko gorraz erraz sartzea.
- Osasuna izan da bigarren taldea. Bernabeun. Lau gol sartu dizkio Mourinhoren taldeak bere agurrean, eta Osasunak bi sartu ditu. Izan zitezkeen lau bat gehiago, baina nafarren indar handiena ez da golak sartzea. Denboraldi osoan bezala, gaur ere kamuts ibili da taldea horretan. Tentsioarekin edo tentsiorik gabe, puntuak jokoan egon edo ez, gabezia handia dauka hor Osasunak.
- Lehen zatian, golak sartzeko aukera gehienetan, berekoi ibili dira Torres, Armenteros eta Cejudo. Llorenteren lan zikina ez diote saritu nahi izan Hondarribiko aurrelariari. Bernabeu leku tentagarriegia da bakoitzak bere buruari loreak botatzeko, eta ezin ba tentazioari eutsi hainbat jokalarik.
- Bitartean, Real Madrilek ohikoa egin du: talentu teknikoa baliatu golak sartzeko. Higuainek lehendabizi eta Essienek gero (korner batean), hiru minututan bi goleko aldea eman diote bere taldeari.
- Bigarren zatian, berdin jarraitu du neurketak, eta Osasuna erraz iristen ari zenez Jesus atezainaren areara, asmatu egin du halako batean. Bitan. Torresek eta Cejudok berdindu egin dute partida. Baina hortik aurrera berriz azaldu da Real Madrilekoen argia, oso gutxitan pizten den hori baina zitala dena. Benzemak eta Callejonek hirugarren eta laugarren golak sartu dituzte.
- Partidak eman du berea, eta halakoetan ohikoa den bezala, denboraldi amaierako entrenamenduetan jokatu ohi diren partida horietako baten antza izan du. Galtzailea afaria ordaintzera. Hala behar zuen eta inor ez da harritu horregatik.
- Kito. Bukatu da denboraldia Osasunarentzat. Eta profesional ibilbidea Ricardori amaitu zaio. Gaur, hamabost bat minutu jokatu ditu Riesgoren lekua hartuz. 40 urte pasarekin. Bejondeiola!