“…eta nik zer dakit!”

Egilea:

Data: 2012/12/12

ESPAINIAKO KOPA

Athleticek eta Eibarrek itzuliko kanporaketa dute gaur San Mamesen, final 1/16etakoa. 0-0 egin zuten Eibarren.

Norbaitek pentsa lezake burua galtzear dugula hau idaztera goazelako: Athleticen eta Eibarren arteko kanporaketa ez dago erabakita (eta ez da Ipuruan 0-0 egin zutelako). Talde nagusia Lehen mailan da, eta bestea 2.B mailan; horretan oinarrituta, nekez pentsa daiteke gaur gauean iragarpenak hankaz gora joango direnik. Baina bada bazterretan halako ziurtasun falta. Zalantzak, kezkak alde batean; itxaropena, ilusioa, bestean.

Auskalo zer gertatuko den 20:00etatik aurrera, San Mamesen. Hori dabil askoren buruan bueltaka. Eta ez du ezer onik adierazten Athletici dagokionez. Demagun, kanporaketa hau bera joan zen denboraldian jokatu behar zutela. Bada, orduan, ez zuen inork esango “… eta nik zer dakit!” hori. Aurten, ordea, bai. Orduko Athletic eta oraingoa ezberdin ari direlako, eta ez emaitzetan bakarrik.

Eibarren lanak ere badu eraginik ziurgabetasun horretan. Ederki dabil ligan, etxetik kanpo emaitza hain biribilak lortu ez baditu ere. Baina futboleko zaleak badaki lehiakorra dela, sendoa… taldea, azken batean. Hortik ere badator giroan dagoen beste zera hori.

Kontuak kontu, Athletic zalantzati eta Eibar seguru egonagatik, mundua bukatzearen parekoa litzateke gaur Athletic kanpoan geratzea. Ondo ez ibilita ere, gaia soberan du Eibar menderatzeko. Edo hala uste da, behintzat. Hor berriz ere zalantzak eta kezkak. Bielsak ere izango ditu, 11ko potoloa aterako duelako.

Garitanok ere irizpide bera erabiliko du, bizpahiru aldaketa baino ez dituelako egingo ligan azkena atera zuen 11kotik.

Auskalo zein izango den emaitza, baina Kopako gau zirraragarri bat izateko trazak ditu gaurkoak. Pronostiko bat? “…eta nik zer dakit!”.