Eta Llorente Chilavert balitz?
ATHLETIC (erreportajea)
Bielsarentzat ez da berria jokalari bat entrenamendutik bidaltzea. Paraguaiko atezainak badaki zerbait horretaz.
Hasteko, eguneko albistea: Fernando Llorente deialdian sartu du Marcelo Bielsak, etzi Pragan jokatzeko, Europako Ligako partidan.
Jose Luis Chilavert ere deialdian sartu zuen Bielsak, duela urte asko direla, egun batean. Baina horregatik ez dira parean jarri behar aurrelaria eta atezaina.
Beste zerbaitek lotzen ditu biak.
Bielsa Velez Sarsfieldeko entrenatzaile zela (1997-1998), Chilavert zuen atezainetako bat. Izen handiko jokalariak zeuden talde hartan, eta entrenatzailea metodo berriarekin joan zitzaien. Zalantzak omen zituen nola hartuko zuten, eta asko hitz egiten ei zuen jokalariekin, jakiteko nola zihoan elkar uztartzea.
Clausura Torneoa hasi aurretik, 1998an, sua piztu zen taldean. Pacha Raul Cardozok adierazpenak egin zituen Bielsaren kontra. Entrenatzaileak agindu zehatza eman zien orduan bere laguntzaileei: “Bildu jokalari guztiak bi zuhaitz haien artean”. Ez zen kontu hutsala bilera egiteko lekuarena. Izan ere, zerbait garrantzitsua zela berehala ohartu ziren laguntzaileak, bilera guztiak zelaian egin zalea zelako nagusia.
Bildu ziren jokalariak zuhaizpeetan, eta Bielsak argi esan zien jokalari guztiak berdinak zirela berarentzat, ez zela bat bestea baino garrantzia handiagokoa. Orduan, Chilavert jaiki, eta hau esaten hasi zitzaion: “Ez nago ados. Nik Cavallero (beste atezaina) baino titulu gehiago dauzkat, eta titularra naiz; ordezko izatea burutik ere ez zait pasatzen”.
Elkarrizketak segida hau izan zuen:
Bielsak: “Beno, berorri ez badago ados nik esandakoarekin, taldean ez duzu lekurik”.
Chilavertek: “Oso ondo! Esan nahi duzu soberan nagoela”.
Bielsak, alde egiteko keinua eginez: “Zoaz”.
Bielsak, beste jokalariei: “Beste norbaitek ere joan egin nahi badu, oraintxe du unea”.
Ez zen beste inor joan.
Chilavertek azkar kontatu zien kazetariei gertatua, eta epelak esan zituen Bielsaren kontra. Zabaldu zenez, atezainak baliatu egin zuen istilua, klubetik hanka egin nahi zuelako.
Atezainak taldetik kanpo egin zituen entrenamenduak harrezkero. Lau bat egunez. Konpondu egin zutelako auzia. Diotenez, abioi batean aritu ziren hizketan, biei ere beldurra ematen baitie hegan egitea, eta denbora azkarrago pasatzeko edo, solasean hasi eta eztabaida itzali omen zuten.
Gaur egun, Chilavertek hitz onak baino ez dauzka Bielsa hizpide duenean.
Pasarte hau LA VIDA POR EL FÚTBOL, MARCELO BIELSA EL ÚLTIMO ROMÁNTICO (Roman Iucht) liburutik hartua da.