Eta akzioa?

Egilea:

Data: 2013/01/12

ATHLETIC  1
RAYO   2
Hirugarren partida jarraian galdu du Athleticek.

  • Aitzakiak mila eta bostehun jar daitezke galtzen denean: epailearen lan txarra, zorte onik eza eta abar. Athleticek galdu egin du gaur (ere), hirugarrena du segidan, eta tentazioa egon daiteke epailearen lan txarra aipatzeko (hala izan delako), edota langara botatako baloiaz gogoratzeko. Baina kontua da beste partida txiki bat egin duela taldeak, eta hala egiten duenean ia beti gertatzen zaion bezala, galdu egin du.
  • Erreakzioan ibili da Athletic. 0-2 galtzen jarri eta berehala ekin dio erreakzio lanari. Gol bat sartu du, aukera bat edo beste ere sortu du, eta orduan ikusi da aurrenekoz punturen bat atera zezakeela. 15-20 minutu izan dira horiek, erreakzioarenak. Gainerakoetan, ezer ez. Akzioa ez da azaldu San Mamesen.
  • Akzioa esango diogu taldeak duen eredua erakusteari. Arlo guztiak kontuan hartuta. Ezinean aritu da. Lehen zatian, gaizki ere ez da hasi, baina zehaztasuna falta izan zaio. Presaka bezala aritu dira jokalariak, ezinbestean irabazi beharrak okerreko bidetik eramanda ziurrenik. Rayo ere ez da atzean geratu, eta hasierako minutuetan, gora eta beherakoa izan da partida. Baina zehaztasun gutxi bi taldeek.
  • Gero, itsusitu egin da neurketa. Erritmoa makaldu egin da, faltak, geldialdiak… Ez bat eta ez bestea eroso, erabat desatsegin eta deseroso momentu horietan. Deserosotasuna aipatzen hasita, nabarmendu egin behar da taldeek elkarri eragotzi diotena: atzetik baloia motzean ateratzea.
  • Bigarren zatiaren hasieran, aldeko kornerra Athleticen alde, baina baloia Iraizozentzat. Taldekideari eman beharrean gertuan, luze jo du, Rayokoek hartu dute baloia, atzelariak oraindik kornerretik bueltako bidean, zulo handia, eta Lassek barrura.
  • Gero, bigarrena. Epailearen laguntzailearen (gaur, kontrario handiena) erruz. Gurpegik falta area kanpoan egin dio Chori Dominguezi, baina marrazainak okerrarazi du epailea. Penaltia, eta Pitik gola.
  • Bi aurrelarirekin Athletic: Aduriz eta Llorente. Ez dira gaizki moldatu. San Josek gola ere egin du (ederra, dena esanda), eta emozioa San Mamesen bukaeran. Llorentek sekulako aukera izan du, baina kale, nabarmen gainera. Bultza eta bultza Bielsaren taldea, baina ezin golik sartu.
  • Gainerako emaitzen zain egon behar, baina ez oso azkarra izan behar Athleticek behera begiratuko duela datorren aste osoan.