Estiloarekin

Egilea:

Data: 2012/05/09

ATHLETIC EUROPAKO LIGAKO FINALEAN

Partidari (20:45) aldez aurretik botatako begirada, garrantzitsuak izan daitezkeen egoerei erreparatuz.

  • Bigarren finala historian. 35 urteko tartearekin. Orduko hartan galdu (edo irabazi ez); aurten zer? 1977 hartan, Juventus aurkari. Gaur, Atletico Madril. Ezin dira alderatu, futbola asko aldatu delako, baina alderatzen hasita, Juventus hark ez al zuen beldur gehiago ematen? Edo, beste era batera esanda, Athleticen egungo jokatzeko ereduak itxaropen gehiago ez al du zabaltzen?
  • Jokatzeko eredua=estiloa. Horrekin irabaziko du finala Athleticek. Ez badu irabazten, estiloa ezin garatu izan duelako izango da. Edo, garatuta ere, golak sartzeko aukerak gauzatu ez dituelako.
  • Ezin badu garatu Atleticok ez diolako utzi izango da. Baina nola lor dezake hori? Estiloa itsusituz, erritmoa moztuz, araudiaren mugaraino asko gerturatuz falten bidez (epaileak azaldu beharko du balizko egoera horretan). Estiloa itsusitu gabe, honela: estiloaren sorburua (atzelariak-erdilariak lotura) giltzarekin itxiz, presioa goian eginez, Iraizozi luze jotzera behartuz, erasoan denean baloia galdu eta han bertan presioa eginez…
  • Estiloak baliabideak eduki beharko ditu bigarren multzoko oztopo horiek gainditzeko. Beti ezingo du aurkariak oztopo horiek erabili (erabiltzen baditu), eta hor azaldu beharko du estiloak. Aukera bat: zelaiaren erdian jokalari gehiago izatea (erdiko hirukoteaz gain, hegaletakoekin, eta hauek barruan direnean, atzeko hegalekoekin zabaldu zelaia).
  • Estiloa bortxatzen badu aurkariak, Llorenteren argiak piztu dezake partida. Joko zuzenagoa eginez, aurrelariaren lana funtsezkoa izango da, eta berak edo aurkariek jotako baloia hartzea ere bai, jakina. Eta hor ere estiloa inposatu beharko du Athleticek, baloiaren jabe zelaiaren gainean egiten denean.
  • Futbolean, arlo taktikoan, bi lan bete behar izaten dira. Hala dio definizioak: “Aurkariaren baliabideak ezerezean utzi, eta norbere baliabideekin aurkariari min eman”. Defentsa eta erasoa, azken batean. Atleticok defentsan egin dezakeena azaldu dugu. Baina erasotu ere egin beharko du.
  • Erasoan, indarra kontraerasoa du. Eta Athleticen estiloa ausarta denez, nola edo hala utzi beharko du hutsaren pare baliabide hori Athleticek. Bi aukera: baloia galdu ostean, presioa egitea, edo lerroak atzeratzea. Bat ala bestea, edo biak nahasian, ondo egin beharko ditu.
  • Aurrelarien lehia: Llorente batean (Susaeta eta Munian barne), eta Falcao eta Adrian bestean (Arda Turan eta Diego, eta Salviok -jokatzen badu hasieratik-).
  • Atezainak: Iraizoz eta Courtois. Beteranoa eta gaztea. Atleticoren ahulezia bat hor egon daiteke.
  • Finala izanik, azkena, beste bat ez dago, geldikako jokaldien garrantzia. Defentsako lanean, Atleticoren ahulezi handienetakoa.
  • Erritmoa: bizia bada, arriskua aukera asko egoteko bi aldeetan. Kolpea kolpeari. Eta gehien asmatzen duena (aurrelariak eta atezaina), txapeldun. Estiloa lotuta dago erritmo biziarekin… baina gero, asmatu egin behar. Sortu eta sartu.
  • Puntu hauekin denekin edo beste batzuekin idatziko da finala. Garaileak idazten du historia. 1977 hartako finalean, orrialde zuriaren gainean tinta beltza marraztu zen. Gaur, gorriz margotu beharra dago historia. Estiloaren gorriarekin. Eta goriarekin.