Estilo kontuak (I)

Egilea:

Data: 2012/11/17

OSASUNA-MALAGA (gaur, 16:00)
Osasunak aurreko asteko garaipenari gaurkoa kateatu behar dio, zulotik ateratzen hasteko.

Munduak biribila izaten segitzen du, eta Osasuna hor barruko kide bat da. Ez dio munduari forma aldarazi joan zen asteburuko garaipenak. Espanyol menderatzean ez zen amaitu taldearen borroka. Miguel Flañok ederki esan du asteon: “Luzea izango da hau”.

Luzera horretan, aurkariak datozkio bata bestearen atzetik. Gaur, Malaga (16:00, Sadar zaharrean). Izenez handia, izanaz ez hainbestekoa, azkeneko emaitzak kontuan hartuta. Estiloek egingo dute talka; bi muturretan daudela ere esan daiteke.

Osasunak erritmo bizia, presioa, oldarkortasuna, hegaletako jokoa eta erdiraketak, joko zuzenaren abiapuntua… Hori izan da Osasuna, eta horrek eman izan dizkio garaipenak.

Malagarena erritmo makalagoa da, presioa ez du zutabe nagusia, oldarkorrak ere ez dira jokalari denak, hegaletik ez ezik barrutik jokatu zalea da, joko ez zuzena, baloia ukitu eta ukitu… Horra andaluziarren estiloa.

Bi mutur, esanda bezala. Sadar zaharrean, Osasunak berea inposatzen badio Malagari, asko izango du irabazita. Baina hemen idaztea erraza da. Gero, jokalariek gauzatu behar dute asmo hori zelaian.

Ikusteko eta aztertzeko, partida interesgarria, dudarik gabe.