Espainiako Kopan, itxaropena eta miraria
Realak eta Athleticek aukera asko dauzkate final-laurdenetara sailkatzeko, baina Osasunak oso gutxi. Bihar eta ostegunean dituzte partidak
Aste honetan zehaztuko da zein taldek egingo duten aurrera Espainiako Kopan. Euskal Herrikoen artean, Athleticek eta Realak aukera asko dauzkate final-laurdenetan sartzeko, baina Osasunak miraria beharko du Bartzelona ahalguztiduna menderatzeko.
Bihar, Realak jokatuko du Mallorcan (20:00). Anoetan, 2-0 irabazi eta gero, aukera paregabea dauka aurrera segitzeko. Philippe Montanierrek Bravo, Mikel Gonzalez, Llorente eta Pardo utzi ditu deialditik kanpo, eta Mallorcara joango dira Iñigo Martinez, Toño Ramirez eta Markel Bergara.
Athleticek ostegunean dauka Albeceteren aurkako partida, San Mamesen (20:00). Etxetik kanpo 0-0 berdindu eta gero, zaleen aurrean ez luke huts egin behar. Realak eta Athleticek kanporaketa gainditzen badute, elkarren aurka lehiatuko dira final-laurdenetan urtarrilaren 18an eta 25ean.
Osasunak, aldiz, oso aukera gutxi dauzka lehiaketan jarraitzeko. Bartzelonan 4-0 galdu ondoren, miraria litzateke ostegunean kanporaketa gainditzea. 22:00etan hasiko da partida.