Esnatu ote den…

Egilea:

Data: 2014/07/04

MUNDUKO KOPA 2014

BRASIL  2  /  KOLONBIA  1

  • Erdiko bi atzelariek geldikako bi jokalditan sartutako golekin, Brasil finalerdietan da.
  • Lehen zatian orain arteko jokorik onena egin du. Kolonbiak, aldiz, orain arteko txarrena.
  • Alemania izango du aurkari finalerdian.
  • Brasilek beste kilo mordo bat kendu ditu gainetik. Finalerdietan da. Jokalariek daukaten presioari zati bat kendu diote gaur. Eta ez hori bakarrik, orain arteko minutu onenak jokatu ditu taldeak; lehen zati osoan aritu da ondo. Esnatu ote den ba etxeko animalia handi hau.
  • Gosez zelairatu da piztia, eta jan egin du Kolonbia. Izutu ere bai. Zelaitik desagertarazi du. Defentsan, presio itogarria egin du, arnasa hartzen ere ez diote utzi aurkariari. Kontu honetan, ñabardura egin behar: James izan da piztien helburua, egurra eman diote, eta batik bat, Fernandinho ase da estrategia horrekin (estrategia bai, aldagelan mamitutakoa). Espainiako epaileak utzi egin dio euskarriari nahi duen guztia egiten Kolonbiako eta Munduko Kopa honetako izar handienetakoari.
  • Goseak azkar aurkitu du janaria. 7. minutuan, korner batean, bakarrik utzi dute kolonbiarrek Thiago Silva erdiko atzelaria, eta belaunarekin jo badio ere baloiari, sarera joan da. Merezitako saria izan da. Aurretik ere nabarmen utzi baitute bi taldeek aldarte ezberdinarekin ari zirela: Brasil erasokor, eta Kolonbia galduta, teknikoki baldar erasoan, taktikoki ere bai, eta psikologikoki erabat nahasita. Tokitan zegoen aurreko partidetako Kolonbia hasiera horretan.
  • Eta tokitan egon da lehen zati osoan ere. Ezin bizpahiru pase elkarri lotu, presaka jokatuz, erabaki okerrak hartuz, mugitzeko aukerarik gabe eta aukera zeukatenean, lotuta erabat. Brasilek bereari eutsi dio, eta lehen orduerdian beste bi edo hiru gol sartzeko aukerak izan ditu. Baina Ospina atezainak lan aparta egin du gaur ere Kolonbian.
  • Bigarren zatian, Brasilek utzi egin dio presio zital hori egiteari. Nekea edo estrategia. Auskalo. Kolonbia hasi da hobeto erabiltzen baloia, baina hala ere, erakutsi izan duena aparte samar utzita. Askotan gertatzen dena gertatu zaio: Brasilek bigarren kolpea jo dionean, askatu egin dira jokalariak. Galduta ikusi dutenean ikusi dugu betiko Kolonbiaren zertzelada multzoa. David Luizen zartako zoragarria  area kanpotik 69. minutuan izan da, 2-0, eta hortik aurrera azaldu da Kolonbia.
  • Baita Scolari ere. Atzeko jokalariz josi du taldea, aurrelariak kenduz. Eta defentsako lanean, taldea lehen baino okerrago. Erasoan ere bai, jakina. Kolonbia erraz iritsi da Julio Cesarren areara, baina aukera garbirik ezin sortu. Batean, penaltia egin dio atezainak Baccari, eta Jamesek gola sartu du (seigarrena du txapelketan). 10 minutu eta epailearen borondatea zeuzkan aurretik Kolonbiak berdinketa lortzeko. Ibili da area barruan ere, baina ezin. Tarte horretan (eta ia bigarren zati osoan ere), Brasilen aurpegi ilunena azaldu da: jokatu gutxi eta aurkariari jokatzen utzi ez.
  • Orain, Alemania izango du parez pare etxeko taldeak. Alemania ez da Kolonbia bezala izutuko. Ez dute izutuko. Thiago Silva ez da ariko, txartel horiak pilatua izateagatik. Hutsune handia. Kontuak kontu, gaur Brasilek argia ikusi du, eta bada zerbait, aurreko partidetan erakutsi duena erakutsi eta gero.