Eskerrak bihar beste aste bat hasten den
Athleticek galdu egin du Levanteren zelaian (3-0), Ligako azken jardunaldian. 10. bukatu du, 49 punturekin.
Hau da hau astea! Horixe egongo dira pentsatzen Athleticeko kide guztiak. Asteazkenekoa kolpea izan zen, Europako Ligako finalekoa. Gaurkoa, Ligako azken jardunaldikoa, ez da horrenbesterako, jokoan ez zeukalako ezer, baina emaitza berarekin galtzea astuna da (3-0).
Bukatu da bai aste txar hau, eta hemendik aurrera, Espainiko Kopako finala prestatzeari ekin behar zaio. Gaur, Levanteren zelaian jazo dena ezinbestean jokatu beharreko partida zen. Buruan bigarren finala dagoelako. Hala egon behar du, behintzat, gaur gauetik aurrera. Bukatu zen Europako Liga, eta bukatu da Liga.
Hamargarren egin du Athleticek, 49 punturekin, azken asteetan puntu gutxi batu eta gero. Baina denera ezin da iritsi, eta Ligan pairatu ditu taldeak Europako ibili bikainaren ordainak. Ez dago ezer leporatzeko inori. Halaxe izan da, eta hor ez dago bueltarik.
Buruak argitu behar dituzte denek, argituta ez badituzte. Beste final bat jokatzeak grina, gosea eta lehian segitzeko indarra eman behar die denei. Asteazken goizean itzuliko da taldea lanera. Ordura arteko tartea dauka burua altxatu ez duenak lepo gaineko ganbara txukuntzeko.