Erronkarik ederrena
ESPAINIAKO LIGA
Eibarrek debuta egingo du 1. mailan, eta egin dezakeenaren inguruan analisi hau utzi digu Aitor Manterolak.
Handiak eginda jarri da handienen pare Eibar hau: bi denboralditan bi maila igo ditu. 2. B mailan zen duela bi sasoi, eta 1. mailan da egun. Kluba burua galdu gabe kudeatuz, lorpen bikainak lor daitezkeela erakutsi du Eibarrek beste behin ere.
Mundu osoko zaleen arreta bereganatu du. Gauza bera nabarmentzen da bazter guztietan: herri txiki bateko taldea elitean. Lehen aldiz, gainera. Historikoa dator denboraldia, eta une zirraragarri asko igaroko dituzte eibartarrek denboraldi honetan. Merezi dute horrenbeste eta gehiago.
Erromantizismo kutsua dauka sasoi honek Eibarrentzat, baina jakina, lehiatu ere egin behar da. Lehiatu beharra du. Egingo duenik ez da batere dudarik, zerbait bada talde lehiakorra baita Eibar hau. Ondo heldu dio klubaren historiako ezaugarri bereizgarrienei.
Lehiatu eta burua galdu gabe, beste behin ere. Dirua xahutu gabe, eta duela bi denboraldi 2.B mailan zen taldeko hainbat jokalarirekin. Horra bizkarrezurra: Xabi Irureta, Añibarro, Raul Navas, Dani Garcia, Jon Errasti, Mikel Arruabarrena eta Ander Capa. Ohi bezala, kanpotik ekarritako jokalariak gehitu zaizkie, eta hau ere gertatzen ari da, Eibarren ia beti izan den bezala: taldea osatzeko dauka oraindik. Fitxaketa gehiago egingo ditu.
Betiko bideari segituz, kanpotik ekarritako jokalariak molde berekoak dira: langileak eta klubaren filosofian ondo txertatuko direnak. Ez dago izarrik. Dani Nieto, Javi Lara, Abraham, Ekiza, Manu del Moral, Piovaccari, Derek Boateng, Angel eta Jaime… Batzuk mundua jateko gosez heldu dira; beste batzuk azken urteetako ibilbide eskasa zuzentzeko asmoz; eta beste zenbait orain arte 1. mailan aritu arren aukera gutxi izan dutenak dira. Gazteak eta esperientziadunak. Adinarekin jarraituz, halakoxe taldea osatu du klubak: gazteak eta helduak batera.
Ipurua ere aipatu egin behar, nola ez. Zelai historikoak bizi behar ditu une historikoak. Ezagutuko dute Ligako talde handiek, eta baita apalagoek ere. Beti esaten da etxean ondo ibili beharra dagoela denboraldi ona egiteko, eta Ipuruak behar du izan Eibarren gotorlekua. Ikusi egin beharko da zein jokatzeko molde egitera etorriko diren aurkariak. Aurreko sasoiaren amaieran ikusi zen Eibarri gehiago kosta izan zitzaiola atzean sartuta egoten ziren aurkariak menderatzea. Partidaz partida ikusiko da horren bilakaera.
Bi denboraldi handi hauetan, gauzak hain ondo atera izanaren erantzule asko daude, baina bat aipatzea denen gainetik bidezkoa da: Gaizka Garitano. Kapitain ohiak ederki ezagutzen ditu zein diren klubaren balioak, eta ondo baino hobeto lortu du jokalariei barneratzea. Ezagutzen du 1. maila jokalari izan zenetik, eta maisua da zuhurtziaz aritzen. Ez du berehalakoan burua galduko. Ezta taldeak ere.
Bi denboraldi hauetako bide beretik segituko du jokatzeko ereduari dagokionez. Erasoan, baloiaren jabetzari etekina ateratzen saiatuko da, eta defentsan, oso talde zaila izatera behartua dago beste behin. Eta bi ezaugarri horien oinarria, nola ez, lehia eta borroka.
Erronkarik ederrena dauka parez pare Eibarrek. Kudeaketa eredugarri batekin, aurrekontu txikienarekin, 1. mailako bidaia zoragarria luzatzea. Ez harritu lortzen badu.