Erromatar hauek zoratuta daude

Egilea:

Data: 2012/12/12

ESPAINIAKO KOPA

Eibarrek ezustea eman du Athletic San Mamesen kanporatuz (1-1), baina jokoa aztertuta, oso jende gutxi harritu du emaitzak.

  • Erromatarrak daude zoratuta Asterixen eta Obelixen istorioan. Hala esaten diete galiarrek. Eginahalak eta bi egiten dituzte inperioko soldaduek galiarrak menderatzeko, eta galiarrek iseka egiten diete, beti galtzaile izaten delako nagusia, indartsua: “Erromatar hauek zoratuta daude”. Gaur gauean, San Mamesen, inperioa eta galiarrak lehiatu dira, Athletic (nagusia) eta Eibar (apala, txikia). Eta galiarrek esan dute: “Erromatar hauek zoratuta daude”.
  • Inperioak galdu egin du. Joan zen denboraldiko azpitxapelduna ahul azaldu da, eta soldaduek ezin izan dute ezer egin galiarren indarraren eta buruaren aurrean. Apala da nagusia orain. Eta komikian bezala, edabe magikoa erabakigarria izan da.
  • Gaizka Garitanoren estrategiatik edan dute bere jokalariek. Ondo baino hobeto lotu ditu Athleticen baliabide guztiak. Baloia erasoan galtzen zutenean, presioa; presioak etekinik ematen ez zuenean edo atzerago galtzen zutenean, lerroak atzeratu. Eta bere erasoko baliabideak ondo erabili ditu: kontraerasoan ondo atera da, eta baloia zelaiaren gainean erabiltzeko aukera izan duenean, ondo erabili du.
  • Hori dena edabe magikoaren lapikoan sartu, eta ez da harritzekoa erromatarrek izan duten ezintasuna. Ezinean aritu dira. Ikusten zen partida aurrera zihoan bezala Eibarrek ondo lotuta zeukala Athletic. Eta kostako zitzaiola kanporaketa gainditzea… gaindituko bazuen.
  • Eibarrek zelaiaren erdiko lekuak katez lotu dizkio Athletici. Baloia zegoen lekuan estutu egin ditu aurkariak, handik atera ez zitezen. Gutxitan atera da Athletic zepo horietatik. Lehen zatian, apenas.
  • Erasoan, kontraerasoetan, ondo baliatu ditu Athleticek uzten dituen zuloak, hegalak bilatuz eta aurkituz. Hartara, erdiko bi atzelariei lekutik ateratzera behartzen zien, beraien lana oztopatuz. Garitanoren edabe magikoaren beste tanta bat.
  • Eta Athleticek ez al du pozimarik? Bielsaren estrategia ere bikaina da, baina ez dabil sasoi honetan. Gaurkoa bezalako partidak askotan ikusi dira San Mamesen. Eta ez dago konponbiderik… oraingoz, behintzat. Presioan ahul, indarge, eta erasoan, motorra berotu ezinda, jokoa kateatu ezinik. Oso irregular, jokoari segida eman ezinik, partidak menderatu ezinda. Misterio kutsua daukate zergatiek, nola aldatu daitekeen taldea hain denbora gutxian, baina… aldatuta dago, eta hori onartu egin behar da, konponbideak jartzeko.
  • Azkeneko 10 minutuetan estutu du Athleticek Eibar, baina ordurako 0-1 zen atzetik. Arruabarrenak sartu du gola Eibarrena 71. minutuan (penaltiz). Adurizek berdindu du 90. minutua gainean zela. Berandu.
  • San Mames zaharrak horrela esan dio adio Kopari, itxura zelebrea emanda, erromatar soldaduen antzera. Eta galiarrak festetan. Herrixkan ospatzen ariko dira, hurrengo borroka heldu bitartean. Beste inperio bat izango dute parean: Malaga, izarrak eta jekea. Garitano ariko da honezkero edabea prestatzen. Erne!