Errazago behar zuen

Egilea:

Data: 2012/06/12

EUROKOPA 2012

Txekiak lehen garaipena lortu du Greziaren aurka (1-2), A multzoko bigarren jardunaldiko lehen partidan.

  • Arratsaldeko seiak gerturatzen. Futbola ikusten dutenen buruan ere, gogo handirik ez Grezia-Txekia partida ikusteko. Erakargarritasun gutxi, aldez aurretik. Baina gero, hasi orduko, ezustea: bi gol aurreneko sei minutuetan. Biak txekiarrenak. Jiracek eta Pilar golegile (bigarrena du txapelketan).
  • Irabazi beste aukerarik ez zuen Txekiak, eta egin duena egin behar zuen. Aurkariaren bila atera, zain egon gabe. Bila atera, non dabilen kamuts ikusi, eta harrapatu. Ehizatu. Greziaren hegalak ez dira hemengo autobideak: lasai asko ibil daiteke handik, euro zentimorik ordaindu gabe. Bigarren gola ikusi baino ez dago: izenari izana jarriz, ziztu ederrean sartu da Gebre Selasie eskuin hegaleko atzelari txekiarra.
  • Nagusi zen Txekia. Zelai-erdiko erdiko gunea erraz ari zen: Hubschman, Plasil (Osasunako ohia), eta Rosicky aurrerago. Hirukia. Rosicky nahierara ibili da, eta Hubschmanek ederki bete ditu beste bien zuloak, oreka emanez taldeari.
  • Erdian ondo eta erraz, eta presioa zutenean, hegaletara zabaldu. Bi golegileak, han. Eta beharra izanez gero, atzekoak ere bai; batez ere, Gebre Salesie. Eta aurrean, Baros beteranoa. Zuloa ikusi, han azalduz. Borrokalari, beti bezala.
  • Grezia, berriz, ezinean. Atzealdean, joan zen ostiraleko hutsak berriz eginez: hegaletakoa azaldu dugu lehen, eta baloiak urruntzen ere eskas, opariak eginez.
  • Erasoan, hutsaren hurrengoa: teknika aldetik, justu samarrak, eta horren ondorioz, ezin abiadura eman baloiari. Txekiarentzat pagotxa, defentsako lana egiteko.
  • Baina Txekiak huts handia egin du: oso atzean sartu da, batere beharrik gabe, Greziak bultzatu ez eta. Ondorioz, Karagunisek hartu du agintea, eta erraz eman ditu paseak, batez ere luzean eta gora. Hala ere, aukera gutxi sortu dute.
  • Bigarren zatiaren hasierarako, aldaketa Txekian: Rosicky kanpora, eta Kollar zelaira. Helburua, hauxe: Karagunisi oztopoa jartzea.
  • Grezia besteen oparien bidez ari da txapelketa honetan irauten. Lehen jardunaldian, Poloniarenak baliatu zituen, eta gaur Cech atezain bikainarena. Egundokoa egin du, eta gola Gekasek. ia 40 minutu geratzen ziren.
  • Hortik aurrerakoak erakusten du bi selekzio hauen maila zenbatekoa den: Greziak ezin aukerarik sortu atzean sartuta egon den taldearen aurka. Eta Txekiak ezin kontraerasorik egin, zulo asko utzi dituen Greziaren kontra.
  • Merezita irabazi du Txekiak, baina errazago behar zuen. Orain, 3 puntu dauzka, eta ematen du Poloniaren eta bere artean egongo dela final-laurdenetara sartzeko aukera. Greziak ale bakarra du, eta itxaropena neurtuko balitz, bakarra duela esan behar.