Erlojua eta ordua

Egilea:

Data: 2014/06/15

MUNDUKO KOPA 2014

SUITZA  2  / EKUADOR  1

Suitzak azken jokaldian irauli du partida Ekuadorren aurka (2-1), Seferovicen golari esker.

  • Erlojuaren herrialdea da Suitza. Zehaztasuna dute ezaugarri nagusi hango ordu adierazleek. Erlojuek orduaren berri ematen dute, eta pare-parean geratu da gaurko Suitzaren partida erlojuarekin eta orduarekin jolas egiteko. Ordua gainean zela, lehia amaitzear zegoenean, erlojua kito esatera zihoanean, Suitzak garaipena lortu du Ekuadorren aurka.
  • Azken jokaldia izan da. Erlojuak 93. minutua gainean zuen. Ekuadorrek ia atera dizkio orratzak erloju suitzarrari aurreko jokaldian, kontraeraso batean irabazteko aukera izan baitu. Baina kale egin du, jokaldia ez du amaitu, Behramik hartu du baloia, egin du lasterka metro pila batean, eman dio Seferovici eskuin hegalera, honek beste aldera zabaldu du jokoa, Rodriguez hegaleko atzelaria han azaldu da, eta bere erdiraketa bikain bilatu du Realeko aurrelariak. 2-1. Eta partidaren erlojua orduan geratu. Zehatzak dira suitzarrak, bai horixe.
  • Hala ere, partidaren hasieran, erlojua beste noranzkoan hasi da ordua ematen erlojuaren labela beretzat duen herrialdearentzat. 22. minutuan gola sartu dio Ener Valenciak, geldikako jokaldi batean. Area txikian harrapatu du baloia buruz, eta sarera. Suitzak halako golik jaso zezakeenik ere…
  • Hortik aurrera hasi da erlojua bere onera etortzen. Pilak aldatu balitzaizkio bezala. Suitzak hartu du baloiaren jabetza, hegaleko bi atzelariak luze jarri dira, eta zabal. Barruan aritu dira hegalekoak, erdikoak, eta barrutik kanpora jokatuz jokoa sortu du. Baina ez dio etekinik atera ezertan. Ekuador lauko bi lerro ondo jarrita aritu da, zirrikituak utzi gabe, eta sufritu ez du asko sufritu; nahiz eta oso-oso atzean defendatu duen, atetik gertuegi.Hain atzean den taldeak ezinbestekoa du arnasa, eta kontrareasoa izaten da arnasa. Baina ez du apenas baliatu. Horregatik ere sartu du gero eta atzerago.
  • Bigarren zatian erlojuak ordu bera jartzen segitu du. Baina azkar aldatu da joera. 48. minutuan, Mehmedi zelairatu berriak sartu du gola, geldikako beste jokaldi batean. Ekuadorrek gola sartu duen leku berean egin du errematea. 1-1. Suitza aldatu egin da orduan; atzerago bezala sartu da, eta Ekuador gora iristen hasi da. Baina arrisku handirik ez bi ateainek. Azken unean, erlojuaren orratzak zoratu eta bizkortu diren arte. Ia Ekuadorrek gola, eta azkenean Suitzak geratu erlojua. Zeinek bestela.