Erleen ziztada

Egilea:

Data: 2013/04/18

ALEMANIAKO BUNDESLIGA

Borussia Dortmund azken hamarkadetan gorabeheratsu ibili da. Oraingo loraldia zuloan egon eta gero ernaldu da, esaterako. Eta aurretik goia jota ibili zen.

Zunba-zunba datoz, tropelean. Zaleek olatu hori eta beltz erraldoia osatzen dute. Horma horia esaten diote Europako harmailarik jendetsuenari: Bundesligako partidetan 25.000 eztarri bero elkartzen dira saltoka Westfalenstadion ikaragarrian. Zutik guztiak ere. UEFAk ez du hainbeste jende sartzen uzten eta Europako lehiaketetan jende gutxiago elkartzen da Alemaniako estadiorik jendetsuenean. Baina zunba-zunba egiten du, hala ere, ziztada jo arte.

Bayern Munichek inoizko talderik indartsuena moldatu behar izan du Borussia Dortmund azpiratzeko. Aurreko bi Bundesligak eskuratu zituen Rühr bailarako klubak, eta Alemaniako Kopako azken finalean txikitu egin zuen Bavariako taldea. Europan, ordea, ez ziren fin ibili Jürgen Kloppen mutilak. Ezinean aritu ziren Arsenal, Marseilla eta Olympiakosen aurrean. Ikasi zuten, baina. Aurtengo denboraldirako Europa zen erronka. Eta, lehen fasean Malagarekin batera jokorik erakargarriena eginda, Real Madril, Ajax eta Manchester City atzean utzi zituen. Kanporaketak erantsita, etxeko partida guztiak irabazi ditu, joko erakustaldia eginez, Malagaren aurkakoa alde batera utzita. Andaluziarren aurrean beldurra sentitu zuten aurrenekoz. Akaso faboritotzat jotzen zutelako. Eta huts egiteko atakaren aurrean lotuta agertu ziren. Malagaren meritua, ezbairik gabe. Alemanian partida handia jokatu zuten Manuel Pellegriniren mutilek. Baina arduraren zama arinduta, Dortmundek bere izaera berreskuratuko du: ausarta, zuzena, zorrotza. Real Madrilen aurka ez da faborito eta horrek mesede egingo dio.

Alemanian 2-1 irabazi zion Borussia Dortmundek multzoen fasean; Santiago Bernabeun, berriz, 2-2 amaitu zen partida. Jose Mourinhok txapelketa irabazteko hautagaien artean jarri zuen orduan Jurgen Kloppen taldea. Bere burua babesteko, agian. Baina argudioak mahai gainean daude: finalerdietara iritsi da (lehen aldiz 1997az geroztik), estadio handietan hortzak erakutsita (Madrilen, Amsterdamen, Manchesterren, Donetsken, Malagan).

Gezurra dirudi klub honek izan duen loraldia 2005ean hondoa jo eta gero. Horrelako pizkundeak ikusten ohituta gaude futbolean. Bidean okertu ziren aspaldi eta bide berriak eman dio arnasa 1997an Europako txapeldun izan zen taldeari. Izarren distirak itsututa bizi ziren Dortmunden 1990eko hamarkadan, Ottmar Hitzfeld entrenatzaile zen garaian. Bayern Munichi aurre egiteko Calcioan ari ziren hainbat alemaniar ospetsu eraman zituzten. Markoak hegan hasi ziren Italiarantz: Stefan Reuter, Jürgen Köhler, Matthias Sammer (1996an Urrezko Baloia), Andreas Möller, Karl-Heinz Riedle… Guztiak ere Alemaniako selekzioko jokalariak. Oso garrantzitsuak, gainera.

Dortmundek goia jo zuen urte haietan. Stephane Chapuisat golegile suitzarraren taldea zen orduan. Garai hartako Robert Lewandowski zen. Ehiztari zorrotza. Bazuen egungo taldearekin zerikusirik Dortmundek. Teknika oneko jokalariak lehenesten zituzten orduan ere: Julio Cesar brasildarra atzean, Paulo Sousa portugaldarra eta Paul Lambert eskoziarra erdialdean, esaterako. Urte batzuk geroago, brasildarren topagunea bilakatu zen Dortmund: Dede, Evanilson, Ewherton eta Amorosorekin. 2002an UEFAko finala galdu zuten Feyenoorden aurka, baina Bundesliga eskuratu, ustekabean, azken txanpa ikaragarria egin eta gero. Tomas Rosicky erdilari fina zegoen talde hartan.

Ondorengo urte latzetan beste golegile suitzar batek eutsi zion taldeari: Alexander Freik, hain juxtu. Urte beltzak izan ziren. Baina horma horia ez zen erori. Eta, 2008an Jürgen Klopp entrenatzailea Mainz 05 taldetik iritsi zenetik, festa giroan bizi dira Dortmunden. Garai bateko izarrak alde batera utzi, eta orain jokalari gazteak fitxatzen dituzte. Polonian bide emankorra zabaldu zuten (gutxik jotzen dute hara): Lukasz Piszczek, Kuba Blaszczykowski eta Robert Lewandowski, horren lekuko. Shinji Kagawa Japoniako Bigarren mailatik eraman zuten, gero urrearen prezioan saltzeko Manchester Unitedi. Haztegitik, Nuri Sahin, Kevin Groskreutz, Mario Götze eta Marco Reus atera ziren. Reusek lekurik ez eta beste Borussian lortu zuen ospea, Mönchengladbachen. Horrek etxera itzultzeko aukera eman zion, baina Dortmundek 20 milioi euro ordaindu behar izan zituen orduan bere harrobian sortutako jokalari baten truke. Eta Bayernek fitxatzen uzten dizkion Bundesligako gazteen artean harribitxi bat aurkitu dute zelai erdirako: Ilkay Gündogan.

Europako Kopa berriz irabaziko balute, orain beste zapore bat izango luke. Gozoagoa. Erleek ezti-ezti landutakoa. Ziztada jotzeko prest daude.