Ereindakoa eta uzta ez datoz bat

Egilea:

Data: 2014/08/21

EUROPAKO LIGA

REALA  1  / FC KRASNODAR  0

Oso partida ona egin arren, Realak emaitza motza lortu du, eta itzulikoan erabakiko da kanporaketa.

  • Partida oso ona jokatu du gaur Realak Anoetan, Krasnodarren aurka. Aspaldiko onena. Oso estrategia ona aukeratu du Jagoba Arrasatek, eta jokalariek ederki gauzatu dute entrenatzaileak marraztua. Baina… lanaren beste erdia ondo egitea falta zaio: golak sartzea. Europako Ligako multzoen fasean sartzeko txartela gaur bertan lotuta uzteko aukera aparta galdu du. Inork ez zuen ezer esango emaitza erabat Realaren aldekoa izan balitz.
  • Estrategia Realarena hau izan da: ez dio utzi Krasnodarri erasoa antolatzen. Atzeak erakutsi behar zion aurreari nola dantzatu, horixe idatzi dugu lehen, partidaren atarikoan, eta bete-betean gertatu da hori. Presioa egin dio Realak Krasnodarri bere zelaian, txuri-urdinek baloia galdu orduko, eta ito egin du Krasnodar lehen 30 minutu luzeetan. Izan ditu aukerak golak sartzeko, baina hutsean emaitza.
  • Reala izan da baloiaren jabe, eta Krasnodar zain jarri zaio, kontraerasoan min eman nahian. Realak galdutako baloi batzuk tarteko sortu ditu arazoak Errusiako taldeak, baina ez dira larriak ere izan. Hori bai, oso garbi azaldu du zein den bere indarra: aurreko jokalarien abiadura eta talentua.
  • Presioaz gain, Realak ondo erabili duen beste baliabide bat baloiaren jabetzarena izan da. Batzuetan arriskurik ez badu sortu ere, pase horizontal asko emanez eta bertikalak apenas, beste batzuetan ondo sortu eta baliatu ditu Krasnodarren zelai erdian zuloak. Xabi Prietoren mugimenduak oso onak izan dira, barrutik eta kanpotik azalduz. Pardok ere hautsi izan du errusiarren erdiko sarea mugimendu onekin. Chory Castroren aldizkako zalapartek ere eragin dute zerbait. Gaur itzali samar ibili dena Canales izan da. De la Bella eta Zaldua hegaleko atzelariek ere gora jo dute sarri, Reala baloiaren jabe zela baliatuz, eta makina bat erdirakera atera ere bai.
  • Errematatzaile bakarra egon area barruan, ordea, gehiegitan: Agirretxe. Zelai-erdiko jokalariei area zapaltzea falta izan zaie. Halako batean egin du gola Xabi Prietok, 71. minutuan. Ordurako berreskuratua zeukan Realak partidaren agintea, bigarren zatiaren hasieran errusiarrak hobeto aritu direlako.
  • Arrasatek egindako aldaketek eman diote zerbait taldeari; batez ere Granerok eta Velak. Espainiarrak erakutsi du esperientzia handiko jokalaria dela, eta egin ditu falta taktiko batzuk. Horrez gain, erasoan baloia erabiltzeko eta mugitzeko oso trebea dela erakutsi du. Velak ere egin ditu pare bat lasterkaldi bikain, baina etekinik atera ezin. Une batean, gola jaso eta berehala, Krasnodar erasora joaten hasi da, eta zuloak utzi ditu atzean. Gutxi iraun du horrek, hala ere; azkar itzuli baita lehengora: atzean sartu eta kontraerasoan atera.
  • Realak aspaldiko partida onena egin du, eta ona da hori, denboraldi-aurrean hainbat kritika bidegabe entzun eta gero. Hazi egin da gaur taldea, eta jokalari askok jokatu dute partida ona. Albiste bikaina da hori. Lastima lan on horrek hain uzta txikia ematea. 1-0 eta kanporaketa ez batera, ez bestera… datorren ostegunera arte.