Erdian ez da urik egoten

Egilea:

Data: 2012/04/10

Realak berdindu egin du Betisen aurka Anoetan (1-1), eta irabaz zezakeen bezala eduki du galtzeko arriskua.

  • Erasoan aritzeko bada lege bat: zelaia zabaltzea eta sakontasuna izatea. Gaur, Realak, oso gutxitan zabaldu du zelaia, eta erdialdetik sartu nahian ibili da. Hortxe zeukan jarrita Betisek jende gehien. Lehen zatian nabarmena izan da gabezia hori.
  • Uste zenaren kontra, Betisek ez du erritmo bizian jokatu. Defentsako lanean, lerroak atzeratuta egon da, eta Realak ez du asmatu sarea hausten. Halakoetan, zelaia zabaltzeaz gain, erritmo bizia izatea ere garrantzitsua da, eta gaur, txuri-urdinak makal ibili dira.
  • Erritmoa bizitzeko erasoan, baloiak azkar ibili behar du, abiadura eman behar zaio, eta horretarako, ezinbestekoa da paseen eta kontrolen teknika ondo lantzea. Baloia gehiegitan galdu dute Realekoek.
  • Gauza onik ere izan da. Lehen zatian ere bai. Hasiera makala bizitu egin du une batean, eta hor sortu dituen aukerak sartzen ez du asmatu Realak. Agirretxeri penaltia ere geratu dio Fabricio atezainak.
  • Bigarren zatian, hautsi bezala egin da partida. Velaren golak (erdialdetik hasi, gero baloia zabaldu eta erdiraketa ondo baliatuz) arriskatzera behartu du Betis, eta zuloak azaldu dira.
  • Defentsako lanean aritzea tokatu zaio Realari, eta oso atzean sartzeaz gain, berandu bezala iritsi dira jokalariak baloia zegoen lekuetara. Gabezia hori konpondu beharra dauka taldeak.
  • Bukaera eroa izan da, eta Betisen gola eragotzi du Eñautek (gaur debuta egin du Lehen Mailan), eta Realarena zutoinak (Ansotegiren burukada).
  • Anoetako hainbat zalek haserrea azaldu du Montanierrekin, eta bere dimisioa eskatu.