Ekialdearen ahanztura

Egilea:

Data: 2014/04/21

EKIALDEKO ALEMANIAKO FUTBOLA

Erreportaje ederra idatzi digu Naxari Altunak garai bateko DDR-ko futbolaz: talde historikoen bilakaera, jokalari ezagunen ibilbideak, eta bukatzeko, emakumezkoen egungo talde handi bat ere aipatu digu: Turbine Potsdam.

Paris txikia deitu zion behin Goethek Leipzigi. Sajonia eskualdeko bigarren hiria da, Dresden hiriburuaren ondoren. Hiri gogoangarria. Eguzki izpiek berezia egiten dute udan; bere futbol taldearen kolore historikoekin bat eginda, iragana baloiaren inguruan distiratsua izan zela gogoraarazten digute. Irudi bat betiere gogoan, 1987ko udaberri hartakoa Atenasen: Van Bastenen desmarkea eta gola buruz, lehen zutoinean. Errekopako finala zen, Kopako txapeldunek jokatzen zuten txapelketa, Alemania Ekialdeko taldeen kuttunena. Lokomotive Leipzig izan zen Ajaxen aurkaria partida hartan, Johan Cruyffen taldeak irabazi zuen finalean. Aste batzuk lehenago telebista aurrean ginen, elastiko horia zeramaten jokalari haiei begira, Girondinseko urdinekin lehian. Bordelen irabazi zuten, 0-1, eta gero etxean galdu, emaitza berdinarekin. Penalti jaurtiketetan Rene Muller atezain handia gailendu zen, Ekialdeko Alemaniaren aingeru guardakoa hainbat urtetan. DDR ohiko talde baten azken oroitzapena da Europako txapelketetan, aurretik arrastoa utzia zuten 1. FC Magdeburg eta Carl Zeiss Jenaren ondoren.

Van Basten gola sartzen Lokomotive Leipzigi, 1987ko Errekopako finalean.

1974a ez zen makala izan Ekialdeko Alemaniarentzat. Futbolari bat izan zen urteko hiritar nagusia: Jurgen Sparwasser, Magdeburg taldeko jokalaria. Milan azpiratu zuten Errekopako finalean, eta inoizko garaipenik handiena eman zion taldeak DDR-ko futbolari. Edo ez. Izan ere, aste batzuk geroago, urteko albisterik pozgarriena iritsi zen Ekialdeko Alemaniako sistemarentzat. Kirolari berebiziko garrantzia ematen zion Estatuak, boterea eta harrotasuna goratzeko. Hala gertatzen zen orduko atleta bizkorren garaipenekin, Marita Koch eta Marlies Gohr buru zirela. Alemania ezkutuko txapeldunak. Txapeldun misteriotsuak. Baina, Sparwasserrek 1974ko Mundialean Sepp Maierri sartutako golak aurretik bizitako guztia gainditu zuen. Hesiaren ekialdeko Alemaniak mendebaldekoa azpiratu zuen Hamburgon!!!

Bi hilabete barru 40 urte beteko dira lorpen hartatik eta Jurgen Sparwasser mendebaldean bizi da egun. Hara ihes egin zuen emaztearekin hesia apurtu baino urtebete lehenago, bizi berri bati ekiteko. Magdeburgeko entrenatzaile izatera behartu nahi zuten eta berak ez zuen hori nahi. Irakasle karrera ikasi zuen eta “Alderdiak” ez zion tesia egiten utzi. 1986a zen. Hamalau urte lehenago Alderdi Komunistako kide egin ziren selekzioko kide guztiak, Municheko Olinpiar Jokoetara joan ahal izateko. Hori egin ezean, etxean utziko zituztela aitortu zuen behin Sparwasserrek.

Jurgen Sparwasser gola sartzeko unean DDR-rekin, RFAren aurka, 1974ko Alemania Mendebaldeko Munduko Kopan.

Lutz Eigendorfek ez zuen hainbesteko zorterik izan. Dynamo Berlingo jokalaria Kaiserslauternen geratu zen Betzembergeko taldearen aurka partida bat jokatu eta gero. Ez zen ekialdera itzuli. Auto istripuz hil zen urte batzuk geroago, sekula argitu ez den gertakarian. Stasi iluna (Alemania Ekialdeko polizia sekretua), istripuaren atzean zegoen susmoa indarrean izan da beti. Traiziotzat jotzen zuten aberritik hanka egitea.

Eigendorfek Stasi delakoak antolatutako taldean jokatzen zuen mendebaldera alde egin aurretik; ekialdean boteretik sortutako Dynamo horietako batean. Berlingoan. Goi-mailako taldea osatzeko Dresdenera jo zuten, Dynamo batetik bestera jokalariak behartuta eramateko. 1978an hasita, DDR-Oberligako hamar titulu jarraian irabazi zituen Dynamo Berlinek.

Alemaniaren Batasuna gauzatu zenean, ekialdeko aurreneko bi sailkatuak Bundesligan sartu ziren: Hansa Rostock eta Dynamo Dresden. Azken talde horretan Matthias Sammer aritu zen, Stuttgartek fitxatu zuen arte. Sammer ekialdeko selekzioan aritu zen lehenengo, gero Alemania batuaren erreferente bilakatua. 1996ko Eurokopa irabazi zuen Ingalaterran, eta urte berean Europako jokalaririk onena izendatu zuten, Urrezko Baloiarekin. Egun, Bayern Municheko kirol zuzendaria da.

Mathias Sammer Dynamo Dresdeneko jokalaria zenean.

Ekialdeko futbolariek taldeek beraiek baino ibilbide oparoagoa izan dute. Bundesligan ez dago DDR ohiko talderik. Bigarren mailan hiru ari dira: Dynamo Dresden, Energie Cottbus eta Erzgebirge Aue. Hirugarren mailan, bi: Hansa Rostock eta Chemnitzer FC. Eta Lokomotive Leipzig edo Magdeburg historikoak aurkitzeko Regionalligaraino jaitsi behar dugu. Lekutan geratu dira.

Aue eta Chemnitz Sajoniako bi hiri garrantzitsu dira. 1950ko hamarkadan bi hiri horietako talderik esanguratsuenek deitura bera hartu zuten: Wismu Karl Marx Stadt, Auekoak; FC Karl Marx Stadt, berriz, Chemnitzekoak. Hirien eta taldeen izen aldaketak ohikoak ziren, betiere politika tarteko.

Aberriari lotuta bizi ziren kirolariek atea zabalik aurkitu zuten XX. mendeko azken hamarkadaren hasieran. Goi-mailako aurrelariak nabarmendu behar dira: Ulf Kirsten (13 denboraldi Bayer Leverkusenen, Dynamo Dresdenen hasi eta gero), Andreas Thom (Leverkusenen, Dynamo Berlinen aritu ondoren), Thomas Doll (Hansa Rostock, Dynamo Berlin, Hamburgo, Lazio…), Uwe Rosler (Dynamo Dresden, Manchester City…), Olaf Marschall (Lokomotive Leipzig, Kaiserslautern…). Guztiak internazionalak bi herrialdeekin. Gero Michael Ballack iritsi zen, Alemaniako kapitaina hainbat urtetan, Bernd Schneider, Tim Borowski, Robert Enke

Uwe Rosler

Baliabide ekonomiko eskasagoek eta azpiegitura txikiek asko baldintzatu dute ekialdeko kluben ondorengo bilakaera Alemaniako futbol profesionalean. Aitzitik, emakumezkoen Bundesligan, ekialdeko FFC Turbine Potsdam nagusi da: azken bost denboraldietan lau aldiz irabazi du txapelketa eta birritan izan da Europako txapeldun. Bi errealitate ezberdin.

FFC Turbine Potsdam taldea 2010eko Txapeldunen Liga irabazi berritan.