Eibar-Athletic; Sporting-Osasuna; eta Kordoba-Reala

Egilea:

Data: 2012/10/31

ESPAINIAKO KOPA Final-hamaseirenetako joanekoak dira hirurak, eta bihar jokatuko dituzte.

  • Eibar-Athletic (12:00)
  • Sporting-Osasuna (19:00)
  • Kordoba-Reala (19:00)
Horiek dira biharko partidak Espainiako Kopan gure taldeenak. Final-hamaseirenak jokoan, joaneko neurketak, eta biharkoari begira, lehia irekiak aurreikusten dira. Derbiak derbi direlako beti, eta beste biek etxetik kanpo jokatzen dutelako.
Eibar-Athletic
Aspaldiko partez bi taldeak aurrez aurre neurketa ofizialean. Ikusmina handia. Garai bateko, oso aspaldiko oroitzapenak gogoratzeko aukera ona zale askorentzat.
Eibar, Gipuzkoako azkeneko herria Bizkaian sartu aurretik. Zale asko dauzka Athleticek herri horretan, eta taldean ere zortzi dira jokalari bizkaitarrak. Athletic zaleak denak edo gehienak: polita da Txema Añibarro kapitainarena, Athleticeko bazkide baita. Hala ere, gaur bertan Euskadi Irratian esan duen bezala, “Athletic aurkaria da orain”.
Hitzok adierazten dute zein izango den eibartarren jarrera: oldarkorra. Ipurua txikia egokia da talde handiagoak estutzeko, eta ez izan dudarik bihar eguerdian estu hartuko dutela aurkaria.
Athletic ez dago onenean, eta horrek ere eragin du halako ikusmin berezia. Itxura dauka kanporaketa ez dela bihar erabakiko, San Mamesek botako duela azkeneko epaia.
Eibar oso indartsu dabil ligan etxean, partidak irabazi eta irabazi. Gaur beste maila bateko aurkaria izango du. Interesgarria izango da lehia. Betiko futbolaren ezaugarriak zelaian ikusteko aukera egongo da.
Athleticen deialdia.
Sporting-Osasuna
Duela hilabete gutxi Lehen mailako neurketa. Orain, Sporting Bigarren mailan da, eta Osasuna azkena Lehen mailan. Sporting hobetzen ari da, Jose Ramon Sandoval entrenatzaile jarri dutenetik, eta bi taldeen arteko aldea ez da hainbestekoa, hori idaztea astuna egiten bada ere.
Osasuna al da faboritoa Lehen mailan dagoelako? Ezetz esan behar. Ligako jarduna asko hobetu beharrean da Kopan; bestela, arazoak izan ditzake kanporaketa honetan.
Kordoba-Reala
Hemen beste neurketa ‘tranpa’, zorigaiztoko politikari baten terminologia baliatuz. Realak asko hobetu beharko du Valladolideko jarduna emaitza ona atera nahi badu. Kordobak serio hartu du lehiaketa, eta Realekoek ezin dute konfiantzarik azaldu; bestela, tronpatu egingo dira. Eta gauzak ez daude horretarako. Zaleak ez dira pozik taldearen Ligako ibiliarekin, Montanier ere begiz jota daukate, eta bihar egoera okertuz gero, zuzendaritzari joango zaio presioaren zama.
Realak egingo duen jokoak ez du misteriorik. Baloiaren jabetzan oinarritu nahiko du; hori bai, baliabide taktikoak erabili gabe. Gabezia horri etekina ateratzen saiatuko da Kordoba. Hauena ere jakina da: lehiatu egingo dira bete-betean, eta horretan ere parean jarri beharko du Realak.