Ehiza, arkitektura, Michael Jackson… eta futbola

Egilea:

Data: 2013/12/31

INGALATERRAKO FUTBOLAREN HISTORIA

Craven Cottage futbol zelaiari buruz idatzi digu Dabi Piedrak oraingoan. Futbola, arkitektura, Michael Jackson eta ehiza uztartzen dituen zelaia da, eta Fulham FC taldearena da.

Lau kontzeptu dira, itxuraz elkarrekin inolako loturarik ez daukatenak. Ehiza, arkitektura, Michael Jackson eta futbola, zerk lotzen ote ditu? Bada, Londreseko Craven Cottage futbol zelaiak, Fulham FC-ren etxeak. Izan ere, errege-erreginen antzinako ehiza eremu baten gainean eraikita dago zelaia, bertako harmaila bat legez babestuta dago ondare arkitektonikotzat jo dutelako eta Michael Jackson abeslari amerikarraren estatua polemiko bat egon zen 2011tik 2013ra. Ingalaterran ohikoa den legez, Craven Cottage futbol zelaia jokaleku hutsa baino gehiago da.

Historialarien arabera, orain dela 300 urte baino gehiago, ehiza eremua jarri zuten Tamesis ibaiaren ertzeko txoko hartan. Artean, Londres kanpoaldeko basoa zen inguru hura guztia. Ingalaterrako errege-erreginen jabetzakoa zen eta gizarteko pertsona ospetsuen aisialdi gunea zen. 1780an, cottage bat altxatu zuten ehiza eremuan, alegia, etxalde edo landetxe itxurako eraikin bat. William Craven, Craveneko seigarren baroia, izan zen eraikuntzaren arduraduna eta, hala, Craven Cottage izena eman zioten. Gaur eguneko futbol zelaiaren erdi-erdian zegoen etxaldea.

XIX. mendearen hondarrean, Craven Cottage bertan behera utzita zegoenez, Fulham FC-k lursaila erostea erabaki zuen, zelai berria han egiteko asmoz. Ordura arte, dozena erditik gora zelaitan jokatua zegoen kluba, baina Craven Cottage leku aproposa zen behin betiko zelaia ezartzeko. Soropila atondu, harmaila batzuk jarri eta, 1896an, aurreneko futbol partida hartu zuen Craven Cottagek, Fulham eta Minerva taldeen artekoa, Middlesex Kopan.

1905ean, Stevenage Road kalearen aldean, harmaila berria eraiki zuten, garai hartako arkitektura britainiarraren erakusgarri, adreiluz egina eta dekorazio dotoreduna. 2005ean Johnny Haynes Stand izena jarri zioten (Fulhameko jokalari historiko baten omenez), baina, izenak ez dio izana aldatu. Harmailak orduko itxura gorde du gaur egunera arte, Ingalaterrako harmailarik zaharrena da. XX. mende hasierako ezaugarriak betiko mantenduko ditu, derrigorrez: Britainia Handiko legediak 2. mailako babesa eman dio, ondare arkitektoniko eta historikoaren alorrean daukan balioagatik eta, beraz, legez babestuta dago harmaila osoa. Ezin da funtsezko aldaketarik egin harmailaren egituran eta itxuran. Sarrerak erosteko lehiatila txikiak eta harmailara sartzeko ate estuak deigarriak dira gaur eguneko ikuspegitik begiratuta.

Kontrako aldean, Tamesis ibaiaren ondoan, Riverside Stand harmaila dago, modernoagoa eta erosoagoa, baina historia gutxiago duena. Hala ere, badu zer kontatua zelaiaren zati horrek. 2011n, Muhammed Al-Fayed aberatsak Michael Jacksonen eskultura bat ezarri zuen han. Al-Fayed Fulhamen jabea zen orduan eta abeslari amerikarrari omenaldia egin nahi izan zion, haren laguna baitzen. Zaleek, ordea, ez zuten gogo onez hartu ekimen hura, Michael Jackson ez baitzen bereziki futbolzalea (behin baino ez zen egon Craven Cottagen) eta Al-Fayed handinahiaren kapritxotzat hartu baitzuten. 2013an, Al-Fayedek kluba saldu zion bere diru guztiarekin zer egin ez dakien beste aberats bati, Shahid Khan amerikarrari. Honek, zaleen eskariari erantzunez, estatua erretiratzeko agindu zuen 2013ko udazkenean eta Al-Fayedi bidali zion.

Ehizak, arkitekturak, Michael Jacksonek eta futbolak bat egiten dute, beraz, Craven Cottage futbol zelaian. Berezi egiten duten ezaugarri gehiago ere baditu: esate baterako, Johnny Haynes Stand eta ate atzeko harmailen artean, etxe itxurako eraikin bitxi bat dago (horri ere The Cottage Pavilion esaten diote). 1905ean eraiki zuten eta jokalarien senideek erabili ohi dute, etxetxoaren balkoitik partidak ikusteko.