Egin beharrekoa ez utzi gerorako: alemaniarrak praktikoak dira
EUROKOPA 2012
Alemaniak irabazi egin die Herbehereei (1-2), B multzoko bigarren jardunaldian.
- Alemania eta praktikoa izatea bat eginda daude beti. Gaur, lehen aukera baliatu du final-laurdenetara ia osotasunean sailkatzeko. Zertarako egon azken egunera arte zain, gaur bertan ia osorik lortzeko aukera izanda? Alemaniarrak.
- Alemania eroso ibili da ia partida osoan zehar, azken minutuetan izan ezik. Herbehereek irabazi beharra zuten, baina defentsako lanean ez dira atera presioa goian egitera. Baloia eroso mugitu ahal izan dute alemaniarrek: zelaia zabaldu Muller eta Podolskirekin, eta barrutik jokatu Ozil eta Schweinsteigerrekin. Azkeneko hau erraz ibili da lehen zatian, aurkarien presiotik libre; lehen goleko jokaldia, adibide garbiena (gero jardungo dugu horretaz).
- Herbehereak deseroso egon da baloirik gabe… eta baloiarekin ere ezinean, jokoari hasiera emateko lekuetan: defentsan eta euskarrien tokian. Berriz ere argi geratu da Van Bommel-De Jong bikoa ez dela egokiena. Partida amaitzeko hogei bat minutu falta zirenetik aurrera jardun du erosoen baloiarekin.
- Mario Gomez: eztabaida dago Alemanian bere inguruan. Taldearen jokatzeko era baldintzatzen duela, eta halakoak. Eta hori, gola sartu zuela joan zen partidan. Gaur beste bi. Isilduko al da zarata…
- Lehen gola: zoragarriak izan dira Muller, Ozil eta Mario Gomezen mugimenduak baloirik gabe. Herbehereetako defentsa zabaldu dute, Gomezi zuloa uzteko. Pasea bikain eman dio Schweinsteigerrek, lehen esan bezala, bakarrik zegoela.
- Bigarren gola: Mario Gomez, besterik gabe. Bere-berean duen gol horietako bat.
- 0-2 aurretik egon da Alemania 37. minuturako. Lan zailak galtzailearentzat. Bide beretik ezin segi. Aldaketak atsedenaldian: Huntelaar eta Van der Vaart zelaira, Van Bommel eta Affelay kanpora. Van Persie eskuin hegalera, Huntelaar aurrelari erditik, Robben ezker hegalera, eta Van der Vaart De Jongen ondora. Baina ereduan, aldaketa gutxi: Alemaniak presio gutxi zeukan baloia ateratzeko garaian.
- Beste aldaketa batzuk gero: Van Persi Huntelaarren atzera, Sneijder ezker hegalera, eta Robben eskuinera. Horrela sartu du gola Van Persiek (73. minutuan).
- Hortik aurrerakoak izan dira Herbehereen minutu onenak. Alemaniak zelai-erdia galdu du, nekearen eraginez. Baina sufritu, ez du asko sufritu. Eta bukaerako minutuetan, baloia denbora gehiagoz egon da Herbehereen zelaian. Praktikoak dira alemaniarrak. Eta talde heldua, gaztetasunaren barruan.