Dragoi boteretsua

Egilea:

Data: 2014/10/21

TXAPELDUNEN LIGA

Portoren azken 30 urteetako bilakaera eta ibilia aztertu dizkigu Naxari Altunak, eta gaur Athleticen aurkari izango den taldearen jokalari ezagunak ere xehetu ditu.


Portok irabazten jarraitu nahi du. Das Antas estadioaren azken urteetan hasi zen bere erregetza Portugalen, Fernando Gomes aurrelari handiaren eskutik. Kapitain handia birritan izan zen Europako golegile nagusia. Baina irabazle sena izateko, aurretik galdu behar izan zuten txuri-urdinek: Portugalen Benficaren aurrean urte askoan; Europan ere bai, aurreneko finalean.

1984ko udaberrian Errekopako titulua jokoan zen Basilean: Juventus eta Porto aurrez aurre. Jose Maria Pedroto entrenatzaile ospetsuak talde bikaina zuen. Zelai erdi oparoa: Sousa, Pachecho, Frasco, Magalhaes. Portugalgo selekzioaren ardatza zen lerro hura, Frantziako Eurokopan futbol zaleen miresmena lortu zuena, Benficako Chalanarekin batera. Maila tekniko bikaina zuten portugaldarrek.

Juventusek asko sufritu zuen Errekopa hura irabazteko. Platini eta Bonieken taldea zen; Scirea, Gentile, Cabrini, Tardelli eta Rossirena: Italia, 1982ko Munduko txapeldunaren bizkarrezurra. Maila horretako aurkariekin buruz buru lehiatzera iritsi zen Porto, eta gaur arte hazten joan da.

Fernando Gomes

Portugal iparraldeko taldearen bilakaera arrakastasua ezin da ulertu azken 32 urteotan izan duen presidentea kontuan hartu gabe. Mundu mailan titulurik gehien eskuratu duen agintaria da Jorge Nuno Pinto da Costa ahalguztiduna. Portok 27 aldiz irabazi du Portugalgo liga; hura kargura iritsi aurretik, zazpi txapelketa zituen Douroko taldeak. Portugalgo Kopa, berriz, 16 aldiz eskuratu du klubak; Pinto da Costa iritsi baino lehen, lau baino ez ziren ageri Das Antas zaharreko erakusleihoan. Baina, agintaldi luze honetan ekarpenik aberatsena Europan gertatu da.

Pinto da Costak harreman berezia zuen Pedroto entrenatzaile historikoarekin. Errekopako finala galdu ostean taldea utzi behar izan zuen presidentearen tekniko kuttunak. Gaisorik zegoen. Hilabete batzuk geroago zendu zen etorkizuneko Porto handiaren zutabeak finkatu zituen gizona. Pedrotoren azken aholkuari men eginda, Artur Jorge fitxatu zuen aulkirako Pinto da Costak. Pedrotoren dizipulua zen entrenatzaile biboteduna: bere laguntzailea izandakoa Vitoria Guimaraesen.

1987ko udaberria mugarria izan zen Portoren historian. Vienako Prater estadioan Europako Kopako finala jokatu zuten portugaldarrek Bayern Munichen aurka. Ez ziren faboritoak, baina Kopa etxera eraman zuten. Rabah Madjerrek orpoz Pfaff atezain belgikarra gainditu zuenean erori egin zen Bavariako taldea. Artista baten keinuak psikologikoki hautsi egin zuen Alemaniako txapelduna. Paulo Futre gazte bizkorrak erakustaldia egin zuen bere korrikaldiekin eta Juary, aurrelari brasildarrak, gauzatu zuen Dragoien inoizko garaipenik handiena. Gero, Kontinente Arteko Kopa iritsi zen, Europako Superkopa… Makina garailea abian zen.

Madjerren gola Bayerni 1987ko Europako Kopako finalean

1990eko hamarkada oparoagoa izan zen Portugalen. Benfica lekutan utzi zuen Portok, eta Sporting CP nekez zen portisten aurkaria. Oso tarteka ligaren bat eraman zezaketen Alvaladekoek, Boavistak ustekabean bezalaxe. Urte haietan Mario Jardelen golek egiten zuten aldea Portugalen. Ordurako, Pinto da Costa presidentea bide berri bat jorratzen hasia zen kudeaketa mailan: Portugalen inoizko salmentarik handiena egina zuen Futrerekin. Merke erosi eta garesti saldu. Formula horri eutsi dio.

Entrenatzaile atzerritar bat iritsi zen Portora. Ez zen ohikoa. Etxekoen alde egiteko ohitura baitzuen Pinto da Costak. Bobby Robson ingelesa salbuespenetako bat zen. Oroitzapen ona utzi zuen Ingalaterrako hautatzaile ohiak; baita etorkizunerako lurra landu ere. Ustekabean. Portoko presidente zuhurrak begi zorrotza du itzaletik petrolioa ateratzeko eta Robsonen itzultzailea zena klubeko entrenatzailerik ospetsuena bilakatu zen XXI. mendearen hastapenean: Jose Mourinho.

Portugalen sortu den metodologia baten ordezkaririk zintzoenetakoa da Mourinho. Portoko unibertsitatean Vitor Frade maisuarekin murgildu zen Periodizazio Taktikoa deritzoten metodoaren ikasketan. Ildo horretatik, Porton entrenatzaile gazte arrakastatsuak trebatu dira: Andre Villas-Boas (Europa Ligako txapeldun) eta Vitor Pereira izan dira Mourinhoren ondorengoak. Vitor Frade maisua klubean aritu da lanean azken urteotan, maila guztietako entrenatzaileen gidari. Portoren bilakaera, kirol esparruan, oinarri tekniko-taktiko sendoen baitan gertatu da.

Jose Mourinhorekin behin betiko urratsa egin zuen Portok Europako talde handienen artean kokatzeko. 2003an UEFAko Kopa eskuratu zuten Sevillan Celtic Glasgow azpiratuta, eta urtebete geroago gailurrera iritsi ziren Gelsenkirchenen Txapeldunen Liga Monakori irabazita. 3-0. Setubalgo entrenatzailea eta bere jokalariak denen ahotan zeuden. Baina edonorentzat haustura izan zitekeena, aukera bilakatu zen Pinto da Costarentzat: taldea hazten jarraiteko abagunea.

Salerosketa handien gurpila abian jarri zen. Paulo Ferreira, Carvalho, Deco, Costinha, Maniche, Derlei, eta Mourinho bera urrearen prezioan saldu zituzten. 2004ko uda urteroko azal aldaketa prozesuaren abiapuntua izan zen. Eta esparru hori garatzeko beste urrats bat egin zuen presidenteak, scouting arloa sendotuz. Une horretan, klubaren ibilbidean ezinbestekoa den beste osagai bat azaldu zen: Antero Henrique.

Mourinho itzultzaile hasi zen moduan, Villas-Boasek nerabe zela Mourinhori txostenak egiten zizkion bezala, Antero Henriquek ere bide bitxia egin du futbol munduan. Klubeko aldizkaria zuzentzen hasi zen. Gero, komunikabideekin harremanak bideratzeari lotu zitzaion. Eta fitxaketen arduradun nagusia izan aurretik, klubaren irudia zabaltzen aritu zen nazioartean.

Antero Henriquek 250 lagun ditu lanean mundu osoan, batez ere jokalari gazteak aztertzen. Azken boladan Hego Amerikan murgildu dira buru-belarri. Brasilekin betidanik izan dute lotura estua, baina orain Argentinan, Uruguain, Kolonbian eta Mexikon erreferente bihurtu dira: Deco, Luis Fabiano, Thiago Silva, Diego Ribas, Pepe, Lucho Gonzalez, Lisandro Lopez, Hulk (Japoniako 2. Mailan ari zen), Guarin, Radamel Falcao, James Rodriguez, Jackson Martinez, eta abar luze bat eurek jarri dituzte erakusleihoaren lerro nagusian.

Futbolari gazteen azterketa oso zorrotza da. Mundu osoan zabalduta dauden begiraleen txostenak jasotzen dituzte eta galbahea oso estua izaten da. Ikuspuntu ezberdinak kontuan hartzen dituzte erabakiak hartzeko. Bide horretatik iritsi zen Do Dragaora duela bi denboraldi Hector Herrera mexikarra. Oso litekeena da klubaren hurrengo salmenta potoloa izatea. 2012an Londresko Olinpiar Jokoetan urrezko domina irabazi zuen Mexikorekin; lan polita egin zuen erdilariak Brasilgo Munduko Kopan, eta aurretik Toulongo gazteen txapelketa ospetsuan jokalaririk onena izendatu zuten. Mexikok irabazi zuen txapelketa hura eta horixe izango da hango selekzioaren oinarria hurrengo urteetan.

Portugalgo txapelketan diru iturriak eskasak izanik, Hego Amerikan ohikoa den formulari eutsi diote hango klubek. Benfica eta Porto nabarmendu dira lan egiteko modu horretan. Inbertsio fondoei heldu diete, jokalarien jabetza partekatu eta balizko mozkinak ere banatzeko. Europan lehiakorrak izateko bide bakarra dela uste dute Portugalen, baina horrek eztabaida sortu du, hainbat lekutan debekatuta baitago. Espainiako Ligan ere nabarmendu da joera hori.

Hala iritsi da Portora uda honetan Yacine Brahimi aurrelari aljeriarra Granadatik. Txapeldunen Ligan erabakigarria izan da, Lilleren aurka aurrekanporaketan, eta Bate Borisoven aurrean multzoko lehen partidan: bost gol, orotara. Pinto da Costaren taldeak zati txiki bat ordaindu zion Granadari Brahimi fitxatzeko. Gainerakoa, inbertsio fondo batek ipini zuen.

Herrera eta Brahimi

Portok jokalari gazte ezezagunak eraman izan ditu Frantziatik. Alhy Cissokho ezker atzelariarekin gertatu zen aspaldi. Negozio borobila egin zuen jokalaria Lyoni salduta. Eta aurten bitxia gertatu da: Eliaquim Mangala Premier Leagueko atzelaririk garestiena bilakatu da, Manchester Cityk Portotik eraman eta gero. Zinedine Zidaneren ondoren, Frantziako jokalari batengatik ordaindu den dirutzarik handiena da. Mangalak duela gutxi aitortu zuenez, ez zekien bere eskubideak jabe ezberdinen esku zeudenik: Porto eta inbertsio fondo baten baitan, hain juxtu. FIFA erakundea jokabide horiek debekatzea eztabaidatzen ari da. Aukera horren aurrean, Pinto da Costak zera esan du: “Inbertsio fondoak debekatzea klub aberatsei mesede egitea da. Haiek ez dute horren beharrik jokalaririk onenak fitxatu ahal izateko”.

Duela gutxi, Jorge Mendes bitartekari ospetsuak Peter Lim Singapurreko diruduna aurkeztu zion Pinto da Costari. Porto erosteko eskaintza jarri zuten mahai gainean. Baina klubeko presidentearen erantzuna argia izan zen: “Porto zaleena da eta hemen naizen bitartean horrela jarraituko dugu”. Peter Limek Valentziaren atea jo zuen ondoren.

Zurrunbilo konplexu horretan, egitasmo berria jarri dute abian Porton. Oinarriak sendoak izanagatik, aurten aldaketa gehitxo izan dira taldean. Julen Lopetegi jarri dute aulkiko gidari. Aspaldi ez zen entrenatzaile atzerritar bat Do Dragaon. Victor Fernandez izan zen aurretik, baina emaitza txarrek aurrean eraman zuten aragoiarra. Lopetegirekin batera makina bat jokalari berri iritsi dira, hainbat ezagunak Espainiako Ligan. Batzuk oso gazteak.

Etorkizun handiko jokalariak utzita hartzea deigarria izan da: Oliver Torres erdilaria eta Cristian Tello hegalekoa, adibidez. Espainiako 21 urtez azpikoen selekzioan izan zituen Julenek, eta aurtengo fitxaketarik garestiena ere handik dator: Adrian Lopez. Aurrelari asturiarrak ez du lekua aurkitu Atletico Madrilen. Golegile oparoa izan zen Lopetegiren aginduetara Espainiako selekzioan, baina klub mailan etena izan du. Oraingoz, Jackson Martinez ezaguna eta Juan Fernando Quintero gaztea fidagarriagoak dira. Kolonbiarrak biak ala biak.

Zelai erdian ere deigarria egiten da Real Madrilek utzitako jokalari gazte bat ikustea: Casemiro brasildarra. Fernando, eskarmentu handia duen euskarria Manchester Cityra joana da, eta erdialdeak indarra galdu du. Hector Herrera mexikarrak agintzen du esparru horretan. Joan etorriko jokalari bikaina. Quaresma zaharra ere bueltan ikustea bitxia da, hamaika jira-bira egin ondoren.

Hegaleko atzelarien sakontasuna nabarmentzeko modukoa da: Danilo eta Alex Sandro brasildarrak oso gazte iritsi ziren klubera eta klasiko bihurtu dira. Brahimi eta Hector Herrera aiztoak dira, oso dinamikoak eta biziak zelai erdian. Jackson Martinez eta Aboubakar senegaldarra, berriz, zorrotzak ate aurrean. Horiekin batera, Quintero azpimarratu behar da. James Rodriguezen itzala luzea da, baina bere herrikideak klase handia du zaleak txundituta uzteko.

Haztegitik harribitxi bat atera zen denboraldiaurrean: Ruben Neves, 17 urteko erdilaria. Talentuduna. Jokatzen duenean zeresana sortzen du, baina arreta handiz ibili nahi du Lopetegik. Europan sendo ari bada ere, Portugalen lanak izaten ari da. Talde garailea da Porto, eta egitasmo berria izanagatik, horrek denbora eskatu arren, irabazten jarraitzea ezinbestekoa da. Larunbatean Kopatik at geratu zen Sporting CP taldearen aurrean, Do Dragaon 1-3 galduta. Denboraldiko aurreneko porrota. Erronka ez da nolanahikoa Dragoien etxean.