Domingos Paciencia, Villas Boas eta sir Bobby Robson

Egilea:

Data: 2012/12/31

ESPAINIAKO LIGA (erreportajea)

Coruñako Deportivoko entrenatzaile berria da Domingos Paciencia, eta eragin zuzena izan zuen, nahi gabe, Villas Boas eta Robsonen arteko harremana sortzen.

Coruñako Deportivok entrenatzaile berria dauka: Domingos Paciencia (Leça de Palmeira, Portugal, 1969). Porton eta Tenerifen futbolari izana, arduradun teknikoaren lanetan duela bi denboraldi egin zen ezagun, Sporting Bragan. Europako Ligako finalean izan zen, eta hain justu, Portok menderatu zuen. Gero, aurreko sasoian, Sporting Lisboak fitxatu zuen, baina ezin denboraldia amaitu (Sa Pintok ordezkatu zuen).

Orain, lana du berriz, bere herrialdetik gertu, Galizian. Jose Luis Oltra ordezkatuko du.

Aurrelaria zen, eta garai hartan, berak nahi gabe, lotu egin zituen Andre Villas Boas (egun Tottenhameko entrenatzailea) eta sir Boby Robson zena. 1994an izan zen. Robson Portoko entrenatzaile zen, Jose Mourinho laguntzaile zuela. Domingos zen 16 urteko Villas Boas gazte haren jokalari kuttuna, baina ez zuen jokatzen.

Ezin ulerturik bere idoloaren egoera hura, gutuna idatzi zion Robsoni. Biak bizi ziren etxebizitza berean, eta jakina, erraz sartu zion gutuna buzoian. Idatzian zehatz azaltzen zion entrenatzaileari nola atera ziezaiokeen etekina aurrelariari, azalpen taktiko biriblak emanez. Irakurri zuen gutuna Robsonek, eta txundituta geratu zen. Halako jakinduria baliatu beharra zegoela eta, Porton lan egiteko eskaintza egin zion gazteari, eta han hasi zen lanean Villas Boas.

Robsonek eta Mourinhok berehala ikusi zuten balio handia zuela gazteak, eta entrenatzaile ikastaro bi ordaindu zizkioten: bat Ingalaterran, eta bestea UEFAk antolatua. Gerora, Mourinhok Portoren ardura hartu zuenean, Villas Boas izan zuen laguntzaile. Baita Chelsean eta Interren ere.

Domingos Paciencia tarteko egin zen entrenatzaile. Idatziko ote diote gutunik Deportivoko zaleek halako jokalariri etekina ateratzeko aholkuak emanez? Irakurriko ote ditu? Akaso, beste entrenatzaile handiren bat dagoe ezkutuan Galizia aldean, eta Domingos tarteko egingo da ezagun.

Domingos Paciencia