Dira, dira… gehiago dira

Egilea:

Data: 2012/06/10

EUROKOPA 2012

Kroaziak erraz menderatu du Irlanda (3-1), C multzoko bigarren partidan, eta lider jarri da.

  • Hutsak garesti ordaintzen dira futbolean. Edozein mailatan. Eurokopa batean, zer esanik ez. Irlandak handi samarrak egin ditu, eta hiru gol sartu dizkio Kroaziak. Akabo irlandarren bolada bikaina: 14 partida jarraian galdu gabe, eta 11 golik jaso gabe. Bistan da albistea: gaurko Irlanda ez da Irlanda izan.
  • Kroaziak erraz irabazi dio. Nekerik gabe ez, baina aise. Ondo baliatu ditu opariak, eta errenta horrekin iraun du partidan zehar. Ez du beharrik izan gehiago eta hobeto jokatzen duela erakusteko. Gaurko Kroazia ikusita, ez du selekzio oso ona ematen, baina gehiago da. Baliabideak, behintzat, badauzka.
  • Talde batek bere ezaugarri onenean kale egiten duenean, gauza onik ez. Horixe gertatu zaio Irlandari. Aspaldian ez bezala, egundoko erraztasunak eman ditu defentsako lanean. Eta horixe du bereizgarri onena. Erasoan ez dauka gauza handirik, eta ahal duena egin du. Geldikako jokaldietan sortu du arrisku handiena (St. Ledgerrek horrela sartu du gola, 1-1ekoa). Horrekin dena esanda dago.
  • Kroaziak askoz gehiago egin dezake baloia daukanean. Erritmoaz ari naiz. Biziago erabil dezake baloia, aurkariari min handiagoa emateko. Jokalari egokiak dauzka horretarako, baina gaur ez du erakutsi gaitasunik. Behar ez zuelako bakarrik?
  • Eraginkorrak izan dira Mandzukic (2 gol) eta Jelavic aurrelariak. Altxorra da hori futbolean. Bigarren zatia jokatzen hasi orduko hiru golak sartuta zituzten bien artean.
  • Luka Modric: oso bakarrik aritu da. Bere aurrean behar du beste jokalari bat, harekin bat egin, eta joko ez zuzena eraginkorrago baliatzeko. Gainera, ez al luke aurrerago jokatu behar, aurrelarien atzetik?
  • Esanda bezala, bi taldeak aritu dira direnaren azpitik. Aukera dute zuzentzeko. Baina aldea dago bi egoeren artean: Irlandak ez du punturik; Kroaziak, aldiz, hiru.