Denoueixek ‘vitesse’ deitu zion behin

Egilea:

Data: 2013/01/27

CELTA 1
REALA 1

Realak ez zuen aukera baliatu hiru puntuak lortzeko, ia bigarren zati osoa 10 jokalariren aurka aritu arren.

 

  • Partida aberatsa izan zen entrenatzaileentzat. Zer ikusi eta zer ikasi asko eman zuena. Aldagai dezente utzi zituena: Celtaren sistema aberastasuna (Paco Herrera entrenatzailearena) oparoa izan zen, batetik, eta Realak erritmoan izan zuen gabezia, eta 10 jokalariren aurka aritzeko ezintasuna (zelaiak ez zion asko lagundu) nabarmenak izan ziren, bestetik.
  • Realak betiko ereduari eutsi zion: baloiaren jabe eginez, gora iritsi. Celta 4-4-2 sistemarekin hasi zen, zelai-erdian ronbo itxura hartuz. Erasora heldu eta baloia galtzen zuenean, presio altua egiten zuen, goikoa. Kosta egin zitzaion Realari oztopo hori gainditzea, baina gero erraz hautsi zuen Celtaren defentsako baliabidea.
  • Ronboan aritzean, euskarria bakarra da; kasu honetan, Oubiña zen. Bere alboetan zulo asko zuen Realak, eta baliatu zuen, baina ez aukerak utzi zion hainbeste. Ifran aritu zen aurrelari, eta egonean ibili zen. Zeñai-erdikoei laguntzak eman beharrean zuloak baliatuz, beste aukera batzuen alde egin zuen. Atzo, behintzat, hau erakutsi zuen: taktikoki ez da jokalari ona.
  • Ronboan aritzearen beste ezaugarria da hegaletan zuloa uzten dela defentsan, zelai-erdian. Realak aukera ian zuen baloia hegal batetik bestera eramateko, eta batzuetan bai, besteetan ez aritu zen horretan.
  • Celtak presioari utzi zion lehen zatia aurrera zihoan heinean. Lerroak atzeratu, baloia lapurtu, eta ohikoa ez duen baliabidea erabili zuen: joko zuzena. Bi aurrelari zituenez (Park eta Iago Aspas), baloia luze botatzen zien. Mugimendu interesgarriak egin zituzten biek: bat jaitsi egiten zen, erdiko atzelari bat lekutik ateraz, eta besteak baliatzen zuen zuloa, atera begirako desmarkearen bidez.
  • Gola ere sartu zuen Celtak. Krohn-Dehli izan zen 32. minutuan. Ezker hegaletik barrura egin zuen, sarri egin zuen bezala, Realeko atzeko lerroa oso atzean geratu zen, Iago Aspasekin hormarena egin zuen, eta lasai asko jarri ahal izan zuen baloia nahi izan zuen lekuan, batere oztoporik gabe.
  • Jokaldi horretan ikusi zen atzo Realak izan zuen beste gabezia bat: Vela eta Chory Castro ez zeuden lan askotarako defentsako lanean. Gehiegi kostatzen zitzaien atzera jaistea, eta Markelek eta Illarramendi hegaletara atera beharra zeukaten zulo horiek estaltzera, erdia libre utziz.
  • Gola sartu eta gero, Paco Herrerak sistema edo marrazkia aldatu zuen: 4-5-1 jarri zuen, hegaletan zuen zuloa eta zelai-erdiaren erdigunekoak estaltzeko. Baloia galdutakoan, lerroak atzeratzen segitu zuen. Realak bereari heldu zion, baloia oinarri hartuta. Ez zen gaizki ari, baina bi gabezia zituen: sakontasunik ez eta erritmo geldoegia.
  • Bigarren zatian, 50. minutuan, Celtak jokalari bat galdu zuen: epaileak bigarren txartel horia atera zion Augusto Fernandezi. Berriz ere sistema aldaketa Herrerak: 4-1-3-1. Jokalariak ere aldatu zituen, eta azkenean, Krohn-Dehlik amaitu zuen aurrelari lanetan.
  • Reala nagusi egin zen. Baloiarekin gora heltzen zen, eta galdu bezain pronto, presioari esker, azkar berreskuratzen zuen. Elustondok berdinketa egin zuen, 59. minutuan. Korner batean. Oso ondo gurutzatu ziren bera eta beste taldekide bat lehen zutoinaren inguruan, area txikitik gertu, eta bakarrik errematea gauzatzea lortu zuen. Jokaldi landua izan zen, itxura hori eman zuen, behintzat.
  • Reala nagusiago gero ere. Baina oso makal mugitzen zuen baloia, eta hegaletara heldu orduko, erdiraketa zen aukera bakarra. Baina norentzat? Pazientzia gehiago eduki behar izan zuen, azkarrago mugitu baloia, hainbeste pase horizontal beharrean, bertikalak ere tartekatuz; barrutik kanpora, barrutik barrura, kanpotik barrura eta abar.
  • Talde askori gertatzen zaie Realarena: ezin asmatu 10 jokalariren aurka jokatzen. Entrenamenduetan partidak eta egitean, ez da askotan lantzen oro har, eta gero, partidetan, gabeziak antzematen zaizkie taldeei. Gainera, atzean sartzen da jokalari bat gutxiago duen taldea, eta ez da erraza izaten zuloak aurkitzea. Abiadura eman behar zaio baloiari, zelaia zabaldu (atzo Griezmannek egin ez zuena: barrutik abiatzen zen, hegaletik abiatu beharrean), barruko jokoa eta kanpokoa uztartu….
  • Berdinketa azkenean, eta ondorioa hauxe: Realak aukera ona galdu zuen hiru puntuak batzeko. Beste ondorio bat: Raynald Denoueixek esana, Realeko entrenatzaile izango zela jakin zuenean, taldearen partida bat ikusi zuenean, bera lanean hasi aurreko denboraldikoa: “Vitesse’ falta zaio taldeari”. Atzo ere bai, hainbat urte geroago.