Denbora eta historiaren perspektiba
INGALATERRAKO LIGA (erreportajea)
Arsene Wengerren lana ezbaian dago, urte askoan ez duelako ezer irabazi Arsenalek. Bere ekarpenari begirada bota eta balioa emateko une egokia da hau.
Arsenaleko zale guztiok, gaztetxo zein heldu izan, argi daukagu inork ez gaituela maite, eta ia egunero entzuten dugu sentipen hori nonhai errepikatzen dela. Joan zen astean, oihartzun handiko egunkari batek gure taldeko lau jokalari estu hartu zituen, distira falta leporatuz. Horietako batek hemezortzi urte ditu, eta apenas jokatzen duen! Aspergarriak garela diote.
Nick Hornby (Fever Pitch liburuan idatzitako pasartea)
Arsene Wenger haserre dago. Ez da ohikoa. Gutxitan bezala ernegatuta dabil Arsenaleko entrenatzailea. Bere egitasmoa kolokan jarri dute Ingalaterrako hedabideek, eta horrek min egin dio. Atzerrian aspaldi entzuten zirenak orain etxean bertan jasan behar ditu alsaziarrak: «Zortzi urte titulurik gabe», diote.
Egungo gorabeherak ez dira berriak klubaren historian. Tituluak beti izan dira, bai, baina boladaka; eta bolada horiek denboran sakabanatuak izan dira.
Wengerren ekarpenik garrantzitsuena Arsenalen ez dira tituluak izan, lehendik ere garaipen handiak lortuak zituelako Londresko taldeak. Joko-estiloan datza entrenatzailearen ondarerik preziatuena, kluba ulertu eta kudeatzeko eran.
Japoniako ligatik iritsi zen Ingalaterrara 1996an. Gizon luze, dotore eta apal hura nor ote zen galdetzen zuten tabloideek. «Nagoya Grampus Eight-eko entrenatzailea? Hummm… ». Arsene Wengerren arrastorik sakonena Frantziako ligan zegoen, Monako zuzendu zuen garaian. Joko erakargarria egiten zuen talde hark, futbolari dotoreen eskutik: Petit, Thuram, Scifo, Djorkaeff, Klinsmann, Weah… Ederra zen bere taldea jokatzen ikustea.
Arsenalera iritsi zenean denbora behar zuen bere egitasmoa abian jartzeko, eta denbora emaitza onek emango zioten. Horregatik, konfiantzazko jokalariak eraman zituen hasieran berekin: eskarmentua erosi zuen. Egun Lyongo entrenatzaile Remi Garde izan zen abentura hartan murgildu zen aurrenetakoa. «Wengerrengan sinesten dut», esan berri du Arsenaleko erdilari ohiak.
Tradizio handiko klubera iritsi zen alsaziarra, kick and rush(joko zuzena) ondoen gorpuzten zuen taldera. Gezurra dirudi, azken urteotako bilakaera ikusita. 1994ko Errekopako finala da horren erakusle. Parmaren aurka irabazi zuten ingelesek txapelketa hura, Alan Smith aurrelari handia jomuga zutela. Nolanahi ere, teknikoki jokalari politak izan zituzten garai hartan kanoizaleek: Paul Merson, Anders Limpar, David Rocastle, adibidez. Haien atzean, back four ospetsua: Dixon, Adams, Bould edo Keown, Winterburn-ekin batera. Gaur ezer gutxi geratzen da guzti hartaz, Tony Adams kapitain handiaren itzala gogoan. Fight spirit (borrokarako grina) ororen gainetik, Highbury-ko zelai gogoangarrian.
Arsenalek hamairu liga irabazi ditu: zazpi, 1931-53 artean. 1930ko hamarkadan ospe handia lortu zuen Herbert Chapman manager ospetsuaren aginduetara: profesionaltasunaren aitzindarietako bat, eta urteetan Arsenal ezagun egin zuen estiloaren sortzailea. Matt Busby Manchester United-entzat edo Bill Shankly Liverpool-entzat izan zirenaren parekoa da Herbert Chapman Arsenalentzat. Eta Wenger? Non kokatuko genuke Arsene Wenger?
Denbora erosi zuela esan dugu. Eta egin nahi zuen estilo aldaketarako jokalari aproposa aurkitu zuen klubean, inoiz izan ez zuten bezalako aurrelaria: Dennis Bergkamp. Holandarra klubean zegoen Wenger iritsi zenean, Interren etsita bukatu ondoren. Formula bera erabili zuen talentu handiko gazte baztertuak erakartzeko. Horietako bi Arsenalen ikur bihurtu ziren: Patrick Vieira (Milanetik) eta Thierry Henry (Juventusetik). Iraganaren katea hautsi zuen alsaziarrak, baina klubaren balioei eutsita, atzealdeko laukote historikoari esker. Larru aldaketa pixkanaka egiten hasi zen. Bidean, Premier League hiru aldiz irabazi zuten; FA Cup txapelketa, lau aldiz. 1998an eta 2002an Liga eta Kopa, denboraldi berean. Txapeldun irudia lortu zuen Arsenalek, ordurarte ezezaguna zen estiloarekin. Akabo aurkarien zaleek taldeari abesten zioten «boring, boring, Arsenal!» leloa (Arsenal aspergarria).
Garai batean Wembleyn galtzen zituzten FA Cup-eko finalak ustez talde ahulagoen aurka. Tottenham Hotspurs eta West Ham bizilagunen estilo finagoarekin alderatuta, Londresko talde itsusia irizten zioten Arsenali. Nick Hornby idazleak (Arsenaleko zale sutsua) ederki azaltzen du klubaren izaera historikoa Fever Pitch liburuan (Fiebre en las gradas, gaztelaniara itzulia).
Wengerrekin finalak Europan galtzen hasi ziren, 1980koaren antzera, Valentziaren aurka; edo 1995ean bezala, Zaragozaren aurrean. Alsaziarrarekin aulkian, UEFAko finala galdu zuten 2000. urtean Galatasarayren aurka, eta 2006an Txapeldunen Ligako partida erabakigarrian amore eman zuten, Bartzelonaren aurrean. Ordurako, bestelako gazte batzuk gailentzen hasiak ziren, fitxatzeko begi zorrotzari etekina atereaz: Cesc Fabregas, Robin Van Persie… Scouting arloan ezinbestekoa izan da Francis Cagigao galiziarra.
Azken urteetan, izar bihurtutako gazteek alde egin dute. Eta eraberritze prozesua ez da erraza izan. Jokalariekin beti asmatzea ez baita erraza izaten. Estiloari eutsi nahi izan dio Wengerrek, baina azken fitxaketek ez dute zerikusirik garai batean egin zituen haiekin. Aurrealdean ez dago ohiko erreferente golegilea, zelai erdian oinarrizko jokalarien lesioak pilatu zaizkio, eta defentsan bai, hor ahula da taldea. Aspaldiko kontua.
Gervinho, Chamakh, Arshavin, Podolski, Giroud… fitxaketa eztabaidagarriak izan dira. Taldeak ez du Premier League irabazteko baliabiderik, besteak-beste aurrekontuan alde ikaragarria dagoelako Manchesterreko taldeekin, eta Chelsearekin ere bai. Laugarren tokia da gunners-en xedea, Txapeldunen Liga jokatu ahal izateko: hamabi denboraldi jarraian sailkatu da final-zortzirenetarako! (soilik Real Madrilek egin du gehiago). Eta joan zen astean, Bayern Munichen aurka amore eman ondoren, kolokan jarri dute Arsene Wenger. Ikustekoa da, ordea, bavariarren eta ingelesen arteko aldea!
Estadio berriak Arsenalen etorkizun oparoa bermatu behar du. Zortzi urte titulurik gabe, baina lehenago hemezortzi ere igaro ziren liga berriro irabazi arte. Zaleek dute azken hitza, baina haiek historiaren jakitun dira. Asko irabazi dute, asko galdu ere bai. Aspergarriak eta itsusiak zirela esaten zieten. Arsene Wenger iritsi zen arte. Orduan irabazten jarraitu zuten, galtzen ere bai, baloia jokatuta. Pazientzia baldin badute, sinisten badute, fitxaketetan finago aritzea da erronka, denbora irabazten jarraitzeko.