Daukazu edo ez daukazu
EUROKOPA 2012
Alemaniak estu menderatu du Portugal (1-0), B multzoko bigarren partidan.
- Gola. Futboleko altxor preziatua. Denak bere bila. Herrialde guztietako armadak. Piratak ere bai. Ez dago denentzat. Daukazu edo ez daukazu. Alemaniak badauka, Portugalek ez (gaur, behintzat, ez). Altxorrak oparotasuna ekarri dio Joachim Lowren taldeari: hiru puntu gozo.
- Low berak aitortua egunotan: “Txapelketa irabazi egin behar dugula sentitzen dugu”. Irabazteko premiaz ari zen. Obligazioaz. Presioa esan nahi du horrek. Presioak antsietatea dakar. Antsietateak presa. Horrela aritu da Alemania partidako hainbat unetan, eta kalte egin dio. Pazientziaz jokatzeko neurketa izan da… luze jotzen duen horietakoa… bukaeran erabakitzen den haietakoa… eta bukaera aldera zehaztu da: Mario Gomezek 72. minutuan sartu du. Portugalek ordutik aurrera estutu du Alemania, eta bukaera-bukaeran bi aukera garbi eduki dituzte Valerak eta Nanik. Baina golik ez du Portugalek (gaur, ez).
- Gola eta Portugal ez dira ondo uztartu izan historikoki. Aurrelariak beti jomugan, golegileak ez zirela eta selekzioan aritzean: Nuno Gomes, Pauleta, Helder Postiga, Nelson Oliveira… zerrenda luzeagoa da. Denek hartu izan dute egurra etxean bertan. Gaurkoa eta gero ere, suak itzali gabe segituko du.
- Erritmo bizikoa izan da partida. Eskerrik asko. Elkarri min gehien kontraerasoan egin diote; batez ere, Portugalek Alemaniari. Egokiak baitira Cristiano Ronaldo eta Nani, esaterako. Horixe izan du baliabide bakarra Paulo Bentoren selekzioak. Zerbait gehiago beharko du etxera azkar ez joateko.
- Alemaniak azken urteetako bidea erakutsi du, baloiaren jabetzan oinarrituz. Zelaia zabaldu du asko, eta oso ondo lotu dute barrutik kanporako jokoa. Erdiraketak ugari, ondorioz. Bukatzea falta. Barrutik barrurakoa hobeto lotzea falta izan zaio; batez ere, honetan; zelai-erdian barrutik jokatu duten hirurak (Schwensteiger-Khedira-Ozil) hobeto elkar hartzeko aukera izan dute, baina elkarren arteko tarte txikiegietan ibili dira. Barruan zabaltzea kontzeptu interesgarria izaten da.
- Golaren ondotik aritu da eskasen garailea. Defentsako lanean zalantzekin: presioa goian edo lerroak atzeratu. Garesti ordaintzeko zorian egon da. Une horretako hutsa izango zen. Ala berdin sufrituko du aurkariak estutzen duen aldi orotan? Hala bada, seinale txarra.
- Eta hobetzen joateko lana: bere zelaian defendatzen aritu denean, gehiegi etzan da taldea baloia dagoen hegalera. Beste hegalean zulo galanta utzi du.